Jan Alai txapelketak hanburgesak izango ditu ardatz, lehenengoz

A.M. 2026ko otsailaren 25a

Apirilaren 17tik maiatzaren 3ra bitartean, Jan Alai txapelketa gastronomikoaren edizio berri bat egingo dute. Orain hanburgesak izango dira protagonista, lehenengoz.

Zornotzako taberna eta jatetxeek euren hanburgesa sorkuntzarik onenak eskainiko dituzte, eta herritarrek originaltasuna eta kalitatea epaituko dituzte gero. Parte hartu gura duten taberna eta jatetxeek martxoaren 6ra arte dute aukera izena emateko, janalai@amorebieta.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita. "Lehiaketa honek hanburgesen sukaldaritza sormenean ipini du arreta, eta establezimenduei gonbit egingo die osagai berritzaileekin konbinazioak sortu ditzaten, herriko hanburgesarik zaporetsuena eta originalena sortzeko helburuz", azaldu du Zornotzako Udalak.

Aurretik, Jan Alai txapelketak pintxo lehiaketa formatua izan du. Parte hartzaileek sormenerako askatasuna izan dute konbinazio eta zapore berriak eskaintzeko, eta arrakasta handia izan duen ekimena izan da Zornotzan. Hanburgesenagaz ere antzeko harrera izatea gura dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!