Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Zornotzako enpresa batean lapurretan egitea egotzita

Anboto 2026ko otsailaren 19a

Artxiboko irudia.

Ertzaintzak 32 eta 19 urteko gizon bi atxilotu ditu Zornotzako enpresa batean indarra erabilita lapurreta egiteagatik. Lapurretan enpresako taloitegiak eta ia 900.000 euroko zor-agiriak hartu zituzten. Ertzaintzaren arabera, horietako asko berreskuratu egin dituzte. 

Ertzaintzaren arabera, otsailaren 6ko arratsaldean egindako lapurretan 874.000 euroko balioko zor agiriak, eskuldirua eta enpresako telefono mugikor bat hartu zituzten. "Lapurtutako gauzen ezaugarriak, bereziki berehala eskualdatu edo negozia zitezkeen merkataritza tresnak baitziren, nabarmen areagotzen zuen kalte ekonomikoaren larritasuna eta lapurtutakoaren iruzurrezko zirkulazio-arriskua", azaldu dute Ertzaintzaren iturriek. Kasua Durangoko Ertzain-etxean ikertu dute. 

Atxiloketak, eguazten goizean egin zituen Ertzaintzak. Bi gizonek aurrekari penalak dituzte enpresetan lapurtzeagatik, edota lapurreta saiakerengatik. Epaileak 32 urteko gizona espetxeratzea erabaki zuen; 19 urteko gizona aske uztea erabaki zuen. Bestalde, 97.000 euro inguruko zor-agiriek "desagertuta" jarraitzen dutela azaldu du Ertzaintzak. "Ikerketa zabalik dago eta Ertzaintzak lanean jarraitzen du lapurtutako gauza guztiak berreskuratzeko". Ertzaintzaren arabera, ikerketak zabalik jarraitzen du, eta atxilotuetako baten senidea den emakume bati ere eginbideak ireki dizkiote. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!