Zornotzako mugimendu feministak elkarretaratzea egin du arratsalde honetan, azken egunotan udalerrian jazotako lau eraso matxistak salatzeko. Jakinarazi dutenez, lehenengo erasoa Zorber rock jaialdian gertatu zen, joan zen zapatuan: "Bi gizon hainbat neska jazartzen ibili ziren", eta azkenean, "neskek jai-gunetik alde egin behar izan zuten" babesera. "Haiek joan behar izan zuten. Ez erasotzaileek. Hori ere indarkeria da. Hori ere kanporatzea da", azpimarratu du mugimendu feministak. Eta gaineratu dute biktimek ez zutela salaketa ofizialik ipini, eta mugimendu feministan bilatu zutela babesa. "Horrek errealitate gogor bat uzten du agerian", mugimendu feministaren iritziz: "Ez dugu konfiantzarik polizian, ez dugu konfiantzarik justizia-sisteman. Ez gaituztelako babesten. Zalantzan jartzen gaituztelako. Biktimizazio bikoitza eragiten digutelako". "Instituzio publikoak ez badira gai justizia bermatzeko, zer geratzen zaigu? Guk argi dugu: komunitatea", esan dute.
Era berean, beste eraso baten berri ere eman dute. Azaldu dutenez, astelehenean, "gizon bat haur eta adingabeen aurrean masturbatu" zen Zelaietako parkean. "Kasu horretan bai, erasoa jasan zutenek poliziari deitu zioten. Haiek deitu behar izan zioten, adingabeek, inguruan zebiltzan helduek ez zutelako ezer egin. Polizia azaldu zen, eta erasotzailea identifikatu zuten. Eta zer gertatu zen? Ezer ez. Polizia agertu zenerako, adingabeak ja parketik alde eginda zeuden, eta poliziak ez zuen bestelako neurririk hartu. Ez erantzun irmorik. Ez babesik. Ez prebentziorik. Gaur egun, erasotzaile hori lasai dabil gure herrian paseatzen", nabarmendu du mugimendu feministak.
Komunitatea babesleku
Zornotzako mugimendu feministako kideek "nazkatuta eta nekatuta" daudela adierazi dute, eta ohartarazi dute azken egunotakoak ez direla kasu isolatuak, "sistema heteropatriarkalaren ondorio zuzena baino". "Zertarako balio du salatzeak, ondoriorik ez badago?", galdetu dute. Mugimendu feministak "inoiz hutsik egiten ez duen tresna" aldarrikatu du horren aurrean: "Antolatzea". Autodefentsa feministarako deia egin diete herritar guztiei, baita "konplizitate soziala" apurtzera ere: "Ez begiratu beste aldera, ez saiatu zuen lagunak justifikatzen, ez pentsatu ez dela hainbesterako, ez estali ingurukoek egindako erasoak. Arazo hau kolektiboa da, eta erantzunak ere kolektiboa izan behar du".
