Emakume zientzialari zornotzarrei aitortza

Aritz Maldonado 2026ko otsailaren 11

Marixelarreko sarituak, udal ordezkariak eta ikasleak agerraldian.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean 2026ko Marixelarre saria STEAM arloan ikerketa lanak egiten dituzten hainbat emakumek jasoko dute; agerraldian, Greenpower proiektuan dabiltzan emakumeek ere parte hartu dute.

2026ko Marixelarre saria STEAM esparruan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arte Diseinua eta Matematika) ikerketa lanetan lan egiten duten emakume zornotzarrek jasoko dutela iragarri du Zornotzako Udalak aste honetan. Agerraldian Maider Sierra Basurtoko Ospitaleko Onkologia Erradioterapikoko medikuak (brakiterapian eta erradioterapia egokitzailean espezializatua) eta Estibalitz Asua Ingeniaritza Fisikoan doktorea eta EHUko Zientzia eta teknologia fakultateko dekanordeak parte hartu dute; Conchi Contreras Lauaxetako irakasleak eta Marivi Terán El Carmeloko irakasleak ere jasoko dute. "Sarri entzuten da, 'emakumeak zergaitik zientzian?', eta nire galdera da 'emakumeak zientzian zergaitik ez?'. Oso diziplinatuak gara, eta fakultateek eta teknologiek emakumeak behar dituzte", azaldu du Asuak. Sari banaketa martxoaren 8an egingo dute, 13:00etan, Zubiondo parkeko karpan egingo duten ekitaldian.

Greenpower, martxoaren 7an

Agerraldian, Greenpower proiektuan parte hartzen duten Nerea Antón, Xizin, Paula Fernández eta Ane Antón Lauaxetako ikasleek ere parte hartu dute. Azken bi hauek beraien proiektua erakutsiko dute martxoaren 7an egingo den auto lasterketan; batxilerreko ikasleak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!