"Gogoan dut 2018an proba txiki bat zela. Talde batzuk formatua probatzera etorri ziren. Harrezkero asko handitu da. Orain klubek talde indartsuak ekartzen dituzte", azaldu du Edu Lakuntzak, proba antolatuko duen Amorebieta-Triatloi Taldeko kideak.
Gune berria
Aurten arte Larrea kiroldegi inguruan hasi eta amaitzen zen lasterketa. Baina inguru hura txiki geratu da. "Taldeak ez ziren kabitzen", esan du Lakuntzak. Ondorioz, probaren gunea Nafarroa kaleko aparkaleku handira tokialdatu dute, udalaren laguntzagaz.
Handik abiatuko da lehenengo taldea, 16:00etan. Erlojupeko proba denez, taldeak banan-banan irtengo dira, 30 segundoero. Lehenengo, talde mistoak irtengo dira, lau guztira. Talde mistoak nobedadea dira aurten. Ondoren, emakumezko 19 taldeen txanda izango da, eta, azkenik, gizonen 65 taldeena.
Talde bakoitzak 5 kilometro egingo ditu korrika, 21,5 bizikletan eta beste 2,5 korrika. Korrika Jauregibarria inguruan ibiliko dira, bidegorritik, Zubipunta industrialde inguruan. Bizikletan Lemoatik, Usasonlotik, Galdakaotik eta Erletxetik ibiliko dira.
Plentzian, triatloia
Zornotzako proba ispilu bihurtu da beste antolatzaile batzuentzat; horren adibide da apirilaren 25ean Plentzian lehenengoz egingo den taldekako triatloia. Hango antolatzaileak Amorebieta-Etxano Triatloi Taldeagaz hartu-emanetan izan dira ekimena zelan antolatu jakiteko. Lakuntzak uste du arrakasta izan dezakeen ekimena dela, bere ustez triatloiek duatloiek baino gehiago erakartzen dutelako.
Garain erreleboka
Aurten arte, Zornotzako taldekako duatloia eta Garaiko erreleboetakoa asteburu berean egiten ziren, zapatuan bata eta domekan bestea. Aurten banatu egin dituzte, Garaikoan parte hartzea bultzatzeko. Garaikoa otsailaren 28an izango da eta izen ematea 23ra arte dago zabalik, rockthesport.com webgunean.