Datorren domekan, otsailak 22, Zornotzako Larrea kiroldegiak Saskibaloi Topaketaren lehenengo aldia hartuko du, aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendua. Kirolaren bitartez inklusioa sustatzea du helburua, antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez. Ekimen hau Bizkaiko Saskibaloi Federazioak, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioak, Zornotza Saskibaloi Taldeak eta Zornotzako Udalak sustatu dute.
Jarduera doakoa izango da eta adin guztietako eta edozein motatako aniztasun funtzionala dutenentzako irekita dago. Helburuetako bat Zornotza ST taldearen babespean liga horretan parte hartuko lukeen talde inklusibo bat sortzeko interesa nahikoa den aztertzea ere bada.
Eguneko egitaraua
Jardunaldia 10:00etan hasiko da, Larrea kiroldegian egingo den ongietorri batekin. 10:30etik aurrera, pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitutako jolas eta entrenamenduak egingo dira. 11:30ean, hamaiketako bat eskainiko da, eta 12:00etan amaierako txapelketa hasiko da, talde mistoekin.
Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da horretarako prestatu den formularioa betez. Online izena emateko zailtasunak dituzten pertsonek, bestalde, WhatsApp bidez egin ahal izango dute (697 24 36 85), edo info@bkef.eus helbidera mezua bidalita. Kasu horietan, nahikoa izango da izen-abizenak, desgaitasun mota eta 'Topaketak
Baloncesto' gaia adieraztea.