Lan-istripu baten ondorioz, basolanetan zebilen pertsona bat hil da gaur arratsaldean Zornotzako Ergoien auzoan, Bizkargi mendira igotzeko eremuan. "Lehenengo datuen arabera zuhaitz batek jota hil da", adierazi dute Ertzaintzako iturriek.
Abisua 18:30ean jaso dute. Istripuaren larritasuna eta eremura heltzeko zailtasunak direla eta, abisua jaso eta berehala larrialdi-operatibo berezia aktibatu da. Ertzaintzaren mendiko erreskate taldea, suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzukoak bertaratu dira. Istripua gertatu den tokira heldu direnean, osasun-langileak zauritua suspertzen saiatu dira, baina ezin izan dute. Une honetan, gorpua ibilgailuak iritsi daitezkeen gunera eramaten ari dira.