Zelako gaua izan zen estreinaldikoa?
Antzokia beterik egon zen eta bertaratutakoak gogotsu zeuden lana ikusteko. Urte dezente daramagu Zornotzan lanean, eta, herriko jendeaz gainera, sektoreko kideek ere gogoa zuten Markeliñeren azken lana ikusteko. Estreinuetan kimika berezia sortzen da antzezlanean parte hartu dugunon eta publikoaren artean, batzuek emateko eta besteek jasotzeko. Pozik gaude, iritzi positiboak jaso genituelako; pozik eta harro egindako lanagaz.
Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidea duzue. Estreinuetan urduri ipintzen zarete oraindino?
Estreinuen aurretik beti dago tentsio berezi bat. Kontuan izan estreinaldi bat beti izango dela antzezlan bat gutxien errodatuen dagoen unea. Ikuskizun bat bizirik dagoen zerbait da eta hobetu egiten da jendaurrean egin ahala. Interpreteek denbora behar dute aritzeko, eroso sentitzeko, eta emanaldiak egin ahala lortzen da hori. Dena dela, estreinaldietan beti egoten da urduritasun puntu hori. Aldi berean, horrexek egiten du berezi estreinaldi bat. Tentsio hori dela eta, oso energia polita sortzen da.
Estreinaldien aurretik lan handia egiten da, eta une horretan ikusleen aurrean aurkeztuta, euren onarpena itxaroteko momentua izaten da; ikusleak aurreko lan hori guzti hori balioztatzen du, zelanbait esateko; azterketa bat da eta horregaitik sortzen da tentsio hori. Baina, tira, hainbeste urtean aritu eta gero esperientzia handia dugu eta horrelakoetan nahiko argi izaten dugu zelan jokatu. Aurretik proba asko egiten dugu, eta, publikoarengana eramaten badugu, proposatzen dugun horrek zerbait baduela ziur gaudelako da, neurri batean. Elementu berriak sartzen ditugun arren, formatua eta plastikak menperatzen ditugu, eta horrek segurtasuna ematen digu lan egiterako orduan.
Birari ekingo diozue orain.
Udaberri amaierara arte aretoetan aurkeztuko dugu antzezlana, inguruko hainbat aretotan. Hogeita hamar bat funtzio egingo ditugu. Ondoren, jaialdietan aurkeztuko dugu, hori delako egin beharrekoa gero kanpoan eskaini ahal izateko. Zelanbait esatearren, ikuskizunaren biraren bigarren fasea izango da hori. Inguruan aurkeztu eta gero, kanpora joko dugu obra aurkeztera.
Istorioko protagonista jolastea ahaztu zaion aita bat da. Ohikoa da zuen lanetan hausnarketa bultzatzea.
Lehenengo eta behin, ikuskizunaren helburua ikuslea entretenitzea da; hau da, barre egitea bilatzen dugu, edo alde bisualagaz harritzea, adibidez. Funtsean, horixe da edozein adierazpen artistikoren helburua. Horrez gainera, bai, ikusleak gogoeta egitea gura izaten dugu. Azken finean, artista inguruan ikusten duenetik elikazen da, munduko paradoxa eta kontraesanetatik. Gai hau aspalditik bizi dugu inguruan. Lan ordutegiak oso exijenteak dira eta horrek guraso-ume hartu-emanean eragiten du; hau da, badirudi gurasoek ez dutela denborarik seme-alabei eskaintzeko. Hain zuzen ere, horixe esan gura dugu guk, denbora hori oso garrantzitsua dela; gurasoek umeekin denbora gehiago pasatzeko gonbidapena da antzezlana.
Orain gutxi, diputaturen bati entzun nion esaten 24 orduko haurtzaindegiak zabaltzeko proposamena egingo zutela. Ideia honen atzean, enpresen produktibitatea dago, langileen eta enpresen eskubidea eta kontziliazioa bilatzeko. Baina hor non geratzen da seme-alabek euren gurasoekin egoteko duten eskubidea? Horrelako kontraesanetan fijatzen gara sortzerakoan.
Sortze prozesuetan zeri ematen diozue lehentasuna, horrelako ideiei ala mugimenduak eta materialak lantzeari? Zer dator lehenago?
Gure sortze prozesuak oso luzeak izaten dira eta ez dugu modu zehatz bat. Kasu honetan, beste askotan legez, esperimentazio fase bat izan dugu, artistikoa, bai materialekin bai gorputz mugimenduekin. Antzerkigintzan 'asombros' direlakoek garrantzi handia dute, ezinbestekoak direlako ikuslearen arreta gureganatzeko, eta umeentzat zein nagusientzat balio behar dute. Horixe da antzerkigintzako gauzarik korapilatsuena, eta gatxena lortzeko. Horiek landu ahala, jolasteko materiala lortzen dugu, eta sortutako 'asombro' horiek erabiltzeko justifikazioa lantzen dugu gero. Paraleloki, prozesuak aurrera egin ahala, ideiak argiago ikusten dituzu, ekintza horiek txertatzeko testuingurua sortzeko.
Kasu konkretu honetan, Catherine L'Ecuyer pedagogoaren Educar en el asombro liburuaren irakurketa ere gakoa da. Emakume honek hezkuntzarako planteatzen duenak eta guk artistikoki egiten dugunak lotura bat dutela ikusten dugu. Hortik aurrera, markoa eraikitzen dugu. Eduki aldetik ikusgarritasuna duen obra bat sortzera zoaz, eta, aldi berean, hausnarketarako edukia sortzen duzu. Prozesu luzeak izaten dira eta material asko sortzen da bertan. Sortu, baztertu eta proposamen berriak gehitu. Ez dago gehiago. Pendulu moduko bat irudikatzen dut nik, eta, geratzen denean, lana prest dago estreinatzeko. Horrela sortzen dugu Markeliñeren plastika partikularra.