Teknei Zornotzak lider jarraitzen du Hirugarren FEB Mailan

Joseba Derteano 2026ko urtarrilaren 23a

Talde zornotzarrak jokaturiko 14 partiduetatik 13 irabazita amaitu du lehenengo itzulia. 

Segidan hamabi partidu irabazi eta gero, Teknei Zornotzak denboraldiko lehenengo porrota jaso zuen orain asteburu bi. Zorionez, zornotzarrek berehala jaso dute burua, porrot batetik errekuperatzeko sendagairik onena hartuta: garaipena. Joan zen asteburuan 71-76 menderatu zuten Kantabriako Solares taldea. Horrela, taldeak Hirugarren FEB Mailako lider jarraitzen du, 13 garaipenegaz.

Asteburu honetan, Teknei Zornotzak bigarren itzuliari ekingo dio. Etxean eta zaleen laguntzagaz, bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko da Recoletas Salud Carbajosa taldearen aurka. Salamancako taldea sailkapenaren erditik behera dago, sei garaipen eta zortzi porrotegaz. Beraz, aurkari aproposa dirudi beste garaipen bat batzeko.

Teknei Zornotza Zilarrezko Ligatik jaitsi zen iaz, hainbat urtean maila horretan sendo aritu eta gero. Ildo horretatik, denboraldi honetako helburua goiko postuetan ibiltzea eta mailaz igotzeko aukera bizirik mantentzea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!