"Neure burua zuzeneko artista legez ikusten dut gehiago"

Aritz Maldonado 2026ko urtarrilaren 19a

Paradisu Zinema beka irabaztearen bultzada jasota, Jon Castañeda 'Jonkass' zornotzarrak Dam lana kaleratu du. Urtarrilaren 31n kontzertua emango du Zornotzan, Musikagaz Fest jaialdian. Gogotsu dago, urduri ere badagoela onartu duen arren.

'Dam' Drogazale, Adardun eta Marikoia izendatu duzu diskoa. Zer dela eta?
Faktore askok eragin dute. Buruan beti izan dut disko bat kaleratzea, amets baten modukoa zen, eta Paradisu Zinema beka irabaztea bultzada bat izan zen horretarako. Izenarena ez dakit noiz erabaki nuen zehatz, baina pentsatu nuen zeozer probokatiboa eta desberdina egin gura nuela. Neurri batean, badira oholtza gainera igotzen hasi nintzenetik entzun behar izan ditudan gauzak, ez askotan, baina bai batzuetan; azken finean, taula gainera igotzerakoan horretara arriskatzen zara, edozeinek komentatu dezake zeozer, eta, horretarako, nik neuk esatea gurago nuela erabaki nuen. Hau da, "hemen nago eta ez naiz zuena" konplexurik barik esateko.

Akerbeltzen garaia atzean utzita, bakarkako bideari ekin diozu orain.
Erromerietan hasi nintzenetik, beti argi izan dut behin-behineko zeozer izango zela. Oso ondo pasatzen nuen, baina beste zeozer egin eta eskaini gura nuen, eta horrela heldu da Dam.

Bakarkako lana izateak presioa gehitu dizu, ala kontrara, askeago sentitu zara?
Bietatik apur bat. Alde batetik, bertigo handia eman dit. Hainbat kontu batu zaizkit bizitzan, pisu handia dutenak, eta diskoa kaleratzeak apur bat ustekabean harrapatu nau, oso arin joan da eta. Esango nuke bertigo sentsazio horrek zuzeneko biragaz hasi arte iraungo duela, edo kontzertu segida bat izan artean behintzat. Bertigoaz gainera, ardura ere handia da. Lehen, esaterako, behin errepertorioa erabakita, kontzertuak ematea baino ez zen izaten ardura. Orain, konposatzerakoan ardura gehiago izan dut, gauza gehiago probatu dut, eta ardura izan dut ea inpaktua sortuko duen. Lan karga handiagoa ere izan da. Gainera, dena nire izenean doa eta horrek ere eragiten du. Adibidez, Janus Lester-ek edo Zetak-ek egiten dute, ezta? 

Doinu desberdinak probatu dituzu lehenengo lan honetarako. 
Bai. Estudiora heldu ginenean abesti mordoa neukan, garai desberdinetan sorturikoak. Lehenengo diskoa esperimentatzeko ere badela iruditzen zait, nondik jo erabakitzeko, eta gertatu zitzaidan ez nekiela zelan eman zentzu bat guztiari. Victor Santos ekoizleak asko lagundu zidan horretan. Diskoak zentzu bat izatea gura nuen, eta uste dut lortu dugula batasun bat ematea guztiari. Musika doinu desberdinak sartu gura nituen, ni ere horrelakoa naizelako, denerik gustatzen zait. Erromeria talde batetik nator eta bertan estilo mordoa jorratzen da. Eman dezake dena kaos bat dela, baina hari logiko bati jarraitzen dio. Baina, tira, egia esanda, estudioan konplexurik barik aritu gara, estilo batetik bestera jauzi eginez. 

Akerbeltzegaz berrehun kontzertutik gora eman dituzu. Zelan trebatu zaitu horrek musikari legez?
Akerbeltz taldean egon izan ez banintz ez nintzen izango gaur egun naizena, dudarik barik. Ez musikari legez, ez pertsona legez. Gauza asko ikasi dut eta itzelean trebatu naiz. Egundoko eskola izan da niretzat. Azken batean, kontzertu mordoa izan da eta zorte handia izan dut, gainera, oso musikari onak daudelako Akerbeltzen. Eurekin asko ikasi dut. 

Estudiorako ere lagungarria izan zaizu esperientzia hori?
Egia esanda, neure burua zuzeneko artistatzat ikusten dut gehiago. Estudiora heltzerakoan nahikotxo kostatzen zitzaidan eta publikoaren indar hori behar nuela pentsatzen nuen. Dena dela, gogoratzen naiz ahots batzuk berriro grabatzea eskatu niola Victorri, ondo ez zeudelakoan; gero berak proba bat egin zidan, berriak eta zaharrak desberdintzeko, eta ez nintzen gai izan. Uste dut horixe zela behar nuen bultzada. 

Zelan konpondu zara 'Dam' zuzenean aurkezten? Zelan gogoratzen duzu lehenengo kontzertu hura?
Bilbo Rocken izan zen lehenengo kontzertua, eta sentsazio arraroa izan nuen. Polita ere bai, jakina, baina denerik sentitu izan nuen. Durangoko Azokaren bueltan Plateruenean jo genuen eta oso sentsazio ona izan nuen han. Proiektuak badu zentzua zuzenekoetarako ere. Akerbeltzen publikoagaz konektatzea lortzen genuen, eta hemen ere gustatuko litzaidake hori. Kantarik ezagutu ez arren, publikoak ondo pasatu dezakeelakoan nago. Niri Dupla taldea ikusi nuen lehenengo aldian gertatu zitzaidan hori, adibidez. Abesti pare bat baino ez nituen ezagutzen, eta itzel pasatu nuen; guk ere hori lortzea gustatuko litzaidake.

Doinu tradizionalagoen beste ikuspuntu bat eskaintzen duzu Eider Etxenagusia 'Heitxi'-gaz batera. Olatu berri bat dator Zornotzatik?
Baietz esango nuke. Chill Mafiaren agerraldia mugarri izan zen Euskal Herrian tabu musikalak apurtzeko. Pauso hori beharrezkoa izan zen halakoak apurtzeko. Mugimendu berri bat dagoela esango nuke, artista mordoa herri askotan, inoiz baino gehiago. Bestalde, Eiderrek eta biok aspalditik elkar ezagutzen dugu; musika eskolan elkarregaz ibili ginen. Esango nuke orain jende gehiago animatzen dela pauso hori ematera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!