Zornotzako Udala Zubikurtze eta Zubipunte auzoak batzen dituen lurpeko pasabidea eraberritzen hasi da; euria egiten duenean ur putzuak saihesteko, bertan pilatzen den ura ateratzen lagunduko duen drainatze sistema berria ipiniko dute bertan. "Ibaizabal ibaiaren maila igotzen denean, pasabide horretako ura ezin da ondo atera. Sistema berriak ponpa automatikoak izango ditu pasabidean pilatutako euri-ura azkar ateratzeko", azaldu dute udal iturriek. Lanek hile bi irautea aurreikusten du udalak. 75.000 euroko aurrekontua dute horietarako. Lanek errepide mozketak eta aldaketak eragin ditzakete. Hori dela eta, udalak "pazientzia eta laguntza" eskatu dizkie bizilagunei.