Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana; edo hobeto esanda, harreman eza. Horixe du ardatz Markeliñe antzerki konpainiak sortutako azken antzezlanak: 'Hodei guztien gainetik'. Adin guztiei begirako lana gaur estreinatuko dutena, umeek nahiz nagusiek berdin gozatzeko obra. Zornotza Aretoan izango da, 17:30ean.
Markeliñeko Iñaki Egiluzeren berbetan, "produktibitatearen munduan gurasoek ez daukate kalitatezko denborarik euren seme-alabekin ekintzak egiteko. Gai horretan sakontzen dugu". Gainerako guztia baztertu eta lanean zentratuta bizi den aita bat da protagonista. Momentu batean zorabiatu eta hodei artean esnatzen da. Han, beste pertsonaia batek, begiak irekitzen dizkio bizitzan benetan garrantzitsuak diren kontuen inguruan. Markeliñek ohi duen moduan, testurik gabeko obra da, etxean estreinatuko dutena.