Martxoko hondoratzearen ostean, itxita egon da San Migel kalea, Jauregizahar auzoaren parean, ibilgailu eta oinezkoentzako. Hilabeteetako lanen ostean, zabalik da ostera. Besteak beste, aurrefabrikatu bat instalatu da, errekaren pasabidea handitzeko, eta hondoratzeko arriskua murrizteko. Lanek 527.000 euroko kostua izan dute, eta horietatik 375.830 euro Foru Aldundiak finantziatu ditu.
Zornotzako Udalak herritarren pazientzia eta laguntza eskertu gura izan ditu. "Obrak eragozpen batzuk eragin baditu ere, azken emaitzak segurtasun handiagoa bermatzen du inguruan, gertakari berrien arriskua murriztuz eta guztion bizi kalitatea hobetuz", azaldu dute udaletik.