Laugarren urtez jarraian, Bizkaiko Foru Aldundiak Zornotzako Nafarroa zentroa saritu du. "Epe luzeko zaintza arloan egindako lan berritzaileagaitik" saritu dute. Oraingoan, Priscilla: Reinas de Nafarroa proiektuagaitik jaso dute saria. Nafarroa zentroko adineko pertsonek, adimen urritasuna duten pertsonek eta zentroko profesionalek elkarregaz egin dute musikal ezagunaren egokitzapena, hain zuzen ere. "Hileetan zehar erabiltzaile eta profesionalek elkarregaz lan egin dute aniztasuna, maitatzeko askatasuna eta gizarteratzea azpimarratzen dituen ikuskizun honi forma emateko. Musika, dantza eta antzerkia tresna egokiak izan dira partaide izatearen zentzua indartzeko, sormena bultzatzeko eta parte hartzaileen ongizate emozionala hobetzeko", azaldu dute udal ordezkariek. Modu horretara, Foru Aldundiak ere aitortu gura izan du Nafarroa zentroak egindako lana. "Errekonozimendu honek Nafarroa zentroak pertsonengan oinarritutako arreta-eredu bategaz duen konpromisoa indartzen du beste behin ere, errespetuan, entzutean eta komunitate osoaren inplikazio aktiboan oinarritua", gaineratu dute.
Ekainean estreinatu zuten ikuskizuna, eta zornotzar ugari batu zituen; herritarrez gainera, udaleko eta aldundiko ordezkariak ere joan ziren bertara.