Sagardoari buruz asko jakin barik ipini zenuen martxan sagardotegia.
Bai, ez genuen ezagutza handirik. Baina geure buruari helburu batzuk ipintzen dizkiogu eta horiek betetzeko puzzle handi bat osatu behar da. Burugogorrak ere bagara, eta lan handia egin eta gero, sagardotegia errealitate bihurtu genuen. Apurka hasi ginen eta orain 30 urte sagardotegia zabaldu genuen.
Aurten alabek hartu dute sagardotegiaren ardura. Zein sentsaziogaz eman duzu lekukoa?
Sentsazio onagaz! Baina ardura apur bategaz ere bai, bertigo apur bat ematen du. Horrelako proiektu bat martxan ipini eta gero, jarraipena emango dion inor topatu ezean frakaso txiki bat lez bizi duzu. Baserri inguruetan dagoen arazo nagusia horixe dela esango nuke: jarraipena emango dionik ez egotea. Horrek buruko min handia eman dit azken urteetan.
Belaunaldi transmisio bat izatea gura zenuen.
Bai, baserria eta sagardotegia familian geratzea gura nuen. Pozik nago, urte hauetan ikasitakoa hurrengo belaunaldiei transmititu ahal izan diedalako. Baserrietan derrigorrezkoa da dugun ezagutza, urteetan ikasitakoa, atzetik datorrenari erakustea. Gauza batzuk ondo egingo genituen, beste batzuk txarto... Baina jakituria hori gordetzeak eta inori ez erakusteak ez du ezertarako ere balio.
Bizkaiko sagardogileen elkarteko presidentea ere bazara.
Hori ere utziko dut. Urte hauetan gauza asko baztertu behar izan dut. Eta apurka dena utzi behar da, berriro ere gustuko duzunari heltzeko. Sagardoagaz lotuta jarraituko dut, baina ardurak albo batean utzita.
Datorren urteko txotx garaia berezia izango da? Zelan ospatuko duzu?
Berezia izango da, bai. Uxarten ospatuko dut, azken urteetan legez. Urtarril erdialdera egingo dugu sagardo denboraldi berria ospatzeko jaia. Gero, Bizkaiko Txotx denboraldiaren aurkezpena etorriko da.
Gipuzkoako eta Bizkaiko sagardoak desberdinak dira?
Ez. Kupel batetik bestera desberdintasuna egon daiteke, erabilitako lehengaiarengaitik, baina ez Gipuzkoakoa edo Bizkaikoa delako. Gainera, Euskal Sagardoak biok batzen gaitu. Oinarririk bako eztabaida da.
Sagardotegia zabaldu zenetik, zelakoa izan da eboluzioa?
Guk norabide bati jarraitu diogu beti. Sagardotegi lasaia eskaintzea izan da gure apustua, edonork urte guztian disfrutatu ahal izango duen leku bat izatea. Sagardoak aukera asko duela uste dut, eta kontsumoa mantendu egin dela esango nuke.
Zelakoa izango da sagardo berria?
Goiz da oraindino, baina edateko puntu ona du, txinpartaduna.