Zornotzako ziklo-krosak 150 lehiakide inguru batuko ditu

J.D. 2025eko abenduaren 5a

Aitor Hernandez, Berrizko helmugara sartzen. IRANTZU SOLAGUREN

Zornotzako ziklo-krosak Berrizkoari erreleboa hartuko dio domeka honetan. Eszenatokia aldatuko da, baina faboritoen zerrenda ez.

Berrizen Aitor Hernandez eta Ainara Elbusto nagusitu ziren eta Zornotzan ere eurak izango dira irabazteko hautagai nagusiak, Jonathan Lastragaz batera. Zornotzako aurtengo proban nobedade bat dago: San Migel kaleko lanak direla eta, irteera eta helmuga Nafarroa kaleko aparkaleku handian izango dira. Antolatzaileek ibilbidea ere moldatu behar izan dute. 09:30ean Master 40, 50 eta 60 mailako lasterketak hasiko dira, eta segidan kadeteak (10:30), juniorrak (11:15) eta eliteak (12:15) lehiatuko dira. 

Junior mailan, eskualdeko ziklistak faboritoen artean daude. Zornotzako F2 Informática taldeko Eñaut Bilbao mallabitarra oso ondo dabil aurten. Tolosako ziklo-krosa irabazi zuen eta Elorrion podiumera igo zen. Café Dromedario-Flotamet taldeko Andoni Villate zornotzarra eta Ander Mendizabal abadiñarra ere aurrean ibiltzeko hautagaien artean daude. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!