Txolonek Lointek Amorebieta-Etxano CUP nazioarteko futbol 7 txapelketa hartuko du asteburuan

Joseba Derteano 2025eko abenduaren 3a

Jon Larrea, SD Amorebietako presidentea; Ainhoa Salterain, Zornotzako alkateak; eta Lointek enpresako Serafin Loroño gaur udaletxean egindako aurkezpenean.

Torneoak kimu mailako 350 jokalari inguru bilduko ditu eta Athletic Club, Atletico de Madrid, FC Porto edo Girondins Bordeaux bezalako taldeek parte hartuko dute.

Abenduaren 6an eta 7an Lointek Amorebieta-Etxano CUP nazioarteko futbol 7 txapelketaren 21. edizioa jokatuko da Zornotzako Txolon zelaian. Bertan kimu mailako 23 taldek eta 350 jokalari inguruk hartuko dute parte.

Txapelketa zapatuan hasiko da, 12 talde izango dituen lehenengo fasearekin. Hiru multzotan banatuko dira. A multzoan honako taldeek parte hartuko dute: Ikastxiki FE, Gernika Club, CD Betoño eta Athletic Gipuzkoa Eskolak. B multzoan SD Amorebieta B, CD Arratia, CD Aurrera de Vitoria eta Logroñoko EDF Promesas taldeak ariko dira. Azkenik, C multzoan, Aretxabaleta KE, Bermeo FT, Club Bansander eta Txantrea KKE ibiliko dira. Fase hau, ligaxka moduan, 09:30ean hasiko da. Zortzi talde —multzo bakoitzeko lehen biak eta bi hirugarren onenak— sailkatuko dira 16:00etatik aurrera jokatuko diren kanporaketetarako.

Zapatuko irabazleek domekan itzultzeko txartela lortuko dute. Bigarren eguneko lehiaketak ordutegi eta formatu bera izango du. A multzoan Girondins Bordeaux, Real Valladolid, FC Porto eta Deportivo Alaves egongo dira. B multzoan, SD Amorebieta, Athletic Club, RC Deportivo de La Coruña eta Atletico de Madrid. C multzoan, Real Racing Club, Real Sociedad, CA Osasuna eta aurreko eguneko txapelduna. 09:30ean hasiko da multzoen fasea eta zortzi talde sailkatuko dira final-laurdenetara, 16:00etan hasiko direnak. Final handia 18:15ean jokatuko da. Bi zelai egongo dira (1. zelaia eta 2. zelaia). Hilaren 7an 1. zelaian jokatuko diren partiduak zuzenean ikusi ahal izango dira klubeko YouTube kanalean.

Sarrerak

Sarrerak egun osorako balioko du eta hurrengo prezioak izango ditu. 16 urtez azpikoentzat sarrera doakoa izango da. Abenduaren 6a doakoa izango da bazkideentzat eta 3 euroko kostua izango du gainerakoentzat. Abenduaren 7an, berriz, bazkideek 3 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek 5 euro. Derrigorrezkoa izango da bazkide txartela erakustea. Txapelketa osoan zehar hainbat sari zozkatuko dira, hala nola parte hartzen duten kluben kamisetak, bi lagunentzako bazkaria Boroa Jatetxean eta Gabonetako otzara. Taberna zerbitzua egongo da, janari eta edariekin.

Arrazoi logistikoengatik, Txoloneko aparkalekua itxita egongo da bi egunetan eta udalerriko parkingetan aparkatzea gomendatu dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!