Barikuan 'Itsasora' estreinatuko dute, Mikel Urdangarinek zuzenduriko lehen dokumentala

A. M. 2025eko abenduaren 1a

Mikel Urdangarin eta Unai Basurko.

Mikel Urdangarin Zornotzako kantautoreak bere lehen film luze dokumentala aurkeztuko du abenduaren 5ean, barikua, Mendi Film jaialdiko Sail Ofizialean. Urdangarinek gidoia sinatu du, zuzendaritza bere gain hartu du eta filmaren jatorrizko soinu bandaren konposizioan parte hartu du. 19:30ean izango da estreinaldia.

Filmak Aitzaki belaontzian murgiltzea proposatzen dio ikusleari, Mikel Urdangarinek eta Unai Basurko nabigatzaileak elkarrekin egingo duten bidaian. Egilearen arabera, ikus-entzunezko lana "euskal nabigazioaren erreferentearen aitorpen zintzoa" da. "Filmak Unairen balentria ozeanikoa azpimarratzen du eta urrats bat harago doa nabigatzailearen ariman sakonduz, baina hori abiapuntua baino ez da, beragandik haratago doan unibertso handiago bat ezagutzera gonbidatzen gaitu", nabarmendu dute Amura ekoiztetxetik. Hain zuzen ere, Urdangarinek berak eta Amaia Ocerinek sustatu dute ekoiztetxea, eduki "zainduak, hurbilekoak eta nortasun kultural sendokoak sortzeko" bokazioagaz sortzeko. "Amura gauzak kontatzeko dugun beharraren hedadura naturala da. Itsasora musikaren edo hitzaren bidez egin ohi dugun erantzunen bilaketa ikusizko hizkuntzara araman nahi genuen. Adiskidetasunetik eta munduari beste ikuspegi batetik begiratzeko desiotik sortutako proiektua da", azpimarratu dute ekoiztetxetik.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!