Udalak burututako ekintzei ere nota altua jarri diete (7,7 puntu), eta horien artean merkataritza sustatzeko Amorebono kanpaina arrakastatsua, El Carmelo parkearen eraberritzea, Gane igerilekuko hobekuntzak eta autokarabanentzako aparkaleku berria nabarmendu dituzte. "Horrelako azterketek heritarrei zuzenean entzuteko eta gure politikak haien benetako beharretara egokitzeko aukera ematen digute. Gure konpromisoa erosoagoa, eskuragarriagoa eta etorkizunerako prestatuagoa izango den Zornotza eraikitzen jarraitzea da, beti ere, erabakien erdigunean pertsonak jarriz", azaldu du Ainhoa Salterain alkateak.
Bestalde, Zornotzako Udalak ikerketak eman duen beste emaitza bat nabarmendu du: hain zuzen ere, inkestatutako pertsonen ia %85-ek uste dute Zornotza udalerri segurua dela, eta "bizitzeko ingurune lasaia" dela azpimarratu dute.
EH Bilduren irakurketa baikorra
Zornotzako EH Bilduk, bestalde, Gizakerren inkestaren irakurketa baikorra egin du. Emaitzen arabera, koalizioa EAJren "berdinketa teknikoan" dago, "sorpasso historikotik gertu", eta Ander Uriarte EH Bilduko bozeramailea alkatea baino hobeto baloratzen dutela nabarmendu du. Talde abertzaleak, zornotzarrek aldaketa eta gobernantza eredu parte-hartzaileagoa eskatzen dutela azpimarratu du. "Prest gaude herritarrekin batera ziklo politiko berria gidatzeko, gardentasuna eta entzute aktiboa lehenetsiz, eta autokonplazentzian erori gabe lanean jarraitzeko konpromisoa berretsita".