Zornotzako Udalak ohar baten bitartez adierazi du "ezinbestekotzat" jotzen duela bizi itxaropenak gora egin duen garai hauetan adineko herritarren erronka eta betebeharretara egokitzea eta horiei aurre hartzea. Horrela, Zornotzako Udala Euskadi Lagunkoia sarera batu da. "Herritarren % 21ek 65 urte edo gehiago ditu, eta pertsona nagusien zaintzak eta bizi kalitatea eta komunitatean parte hartze aktiboa bermatzeak ikuspegi integrala eskatzen du", azaldu du udalak. Hain zuzen ere, Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatu eta Jaurlaritzak babesten duen programa da Euskadi Lagunkoia. Udalak aurreratu du ekimena diagnostiko fasean dagoela. "Azterketa egin behar dugu, udalerriaren egungo egoera eta beharrak ulertzeko. Horretarako, talde eragile bat eratuko da eta hamar arlo zehatz aztertuko dituzte", nabarmendu dute udal iturriek. Aurkezpena egingo dute abenduaren 11n, 17:30ean, Zelaieta zentroan. "Udalerri lagunkoi bat izatea ez da ona adineko jendearentzat bakarri. Hobekuntzek herritar guztiei mesede egiten diete", azpimarratu dute.