"Ekoizpen eredu ekologikoa ekoizpen eredu erresilientea da"

Ekaitz Herrera 2025eko azaroaren 25a

Xabier Lejarzegi Ekolurrako zuzendaria, Amaia Esnaola sustapen arduraduna eta Nagore Usabel komunikazio arduraduna.

Ekolurrak 2009an ekin zion Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai ekologikoak egiaztatzeari. Handik urte batzuetara, 2014an, Zornotzan egokitu zuten egoitza, eta bertan daude harrezkero, Jauregibarrian. Lantaldeko batzuk Euskadiko ekoizpen eremu ekologikoetara joaten dira kontrol eta ikuskatze saioak egitera. Beste batzuek elikagai ekologikoen sustapenean eta formakuntzan lan egiten dute. Xabier Lejarzegi Irazabal zuzendariak (Forua, 1971) erantzun die ANBOTOren galderei.

Zein da Ekolurraren funtzio nagusia?
Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua da. ENEEK akronimoaren izenpean aurkezten ginen hasieran, baina esateko gatxa zela eta, Ekolurra izatera pasatu ginen. Gure lana Euskadiko elikagaien prozesu eta izaera ekologikoa ziurtatzea da, eta Europako Batasunak markaturiko irizpideak darabiltzagu horretarako. 

Zeintzuk dira irizpide horiek?
Elikagaiek gutxieneko batzuk bermatu behar dituzte, eta horiek ziurtatzeaz arduratzen gara gu. Besteak beste, sistema eta ziklo naturalak errespetatzea, lurraren bizitza eta emankortasuna bermatzea, eta artifizio kimikoak eta teknologia inbaditzaileak ez erabiltzea. Azken multzo horretan, adibidez, transgenikoak daude. Eta izurriteei aurre egiteko produktuek ere ahalik eta naturalenak izan behar dute. Salbuespenik ezagunena kobrea da, gaixotasun batzuei aurre egiteko ezinbestekoa delako. Bermatu beharreko beste irizpide batzuk animalien ongizatea lortzea, paisaia naturaleko elementuak kontserbatzea, kalitate nutrizional oneko produktuak izatea, kanpoko baliabideen erabilera ahalik eta txikiena izatea, merkaturatze zirkuitu laburrak lehenestea eta baliabide naturalak modu arduratsuan erabiltzea dira. Edozelan ere, erreglamendu horretako atal batzuei garapen apur bat falta zaie, eta horixe dugu erronka: helburuei modu zorrotzagoan jarraitzea. Izan ere, beti egoten gara eztabaida beragaz: "Zer da hobea, ekologikoa ez den bertako produktua ala kanpotik datorren ekologikoa?"

Eta zein da erantzuna?
Irtenbiderik onena bertakoa eta ekologikoa da. Hor ez dugu zalantzarik. Gero badago beste eztabaida bat, produktuak ekologikoak izan arren auskalo nondik garraiatzen direla dioena. Baina hor kontuan hartu behar dugu garraioak baino eragin dezente gehiago daukala ekoizpen ereduak. Izan ere, ongarri nitrogenatu bat erabiltzen baduzu, kontuan izan behar duzu ongarri hori ekoizteko industria handi bat egon dela, energia kontsumo handia. Horrenbestez, ekoizpen ereduak garraioak baino garrantzi handiagoa du. Edozelan ere, perspektiba positibo bakarra ematen duen aukera ekologikoa eta bertakoa izatea da. 

Ekolurrak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbat ekoizle eta produktu ziurtatzen ditu?
Gaur egun 820 eragile ziurtatzen ditugu hiru lurraldeetan. Durangaldean 20 ekoizle, ortuari-ekoizkeak eta elaboratzaileak. Elaboratzaileak zazpi dira, hau da, gailetak edo ogia egiten dituztenak, adibidez. Azkenik, 7 abeltzain eta denda merkaturatzaile bat ditugu.

Eta urte hauetan guztietan zelako bilakaera izan du? 
2009tik 2018ra, gure lehenengo hamarkadan, hazkunde handia izan genuen. Digitu biko hazkundeak izaten genituen urtetik urtera, % 10etik gorakoak. Izan ere, 2008an, 140 eragile baino ez zeuden gurean alta emanda. Eboluzio hori gorantz joan da etengabe, nahiz eta 2018tik honako hazkundea apalagoa izan; % 7, % 5 eta % 4 handitzen ibili gara azken urteotan. Aurreikuspenen arabera, egiaztapenak % 6 inguru hazita itxiko dugu 2025a. Bestalde, Euskadiko azaleren eboluzioa ere aipatzekoa da. 2008an 1.000 hektarea zeuden ekologiko modura katalogatuta. Gaur egun 17.000 dira. Eta igoera nabarmena egon den arren, gutxi da. Izan ere, Erkidegoan dauden nekazaritza-lur guztiak kontuan hartuta, ekoizpen lur ekologikoak % 8,6 baino ez dira. Durangaldean txikiagoa da kopurua: nekazaritza-lurren % 2 dira ekologikoak. Baina hor konposizioa zein den ikusi behar dugu. Izan ere, baso lurrak, Urkiola aldekoak eta abar kontuan hartuta, horrek ekoizpen ekologikoaren kopurua gutxitzea dakar. Bestalde, eskualdeko ortugintza ekologikoari erreparatuko bagenio, datua dezente handiagoa izango litzateke, ortuari-ekoizle asko dago eta. 2030erako erronka lehen sektoreko lurren % 25 ekologikoa izatea da. Hori da Europaren Itun Berdeko helburua. Bide luzea dugu aurretik.    

Datu estatistiko horiek bat datoz herritarrek ekoizpen ekologikoari buruz duten pertzepzioagaz?
Testuinguru osoari erreparatu behar diogu, fokua segun non ipini argazkia ere aldatu egiten delako. Adibidez, Gasteizko Udalaren kalkuluen arabera, hiri osoan kontsumitzen den elikagai freskoen % 1,15 baino ez da Arabako Lautadan edo herrialdean ekoizten. Eta ekologikoari erreparatuz gero, kopuru hori oraindino eta txikiagoa izan daiteke. Baina gero badaude salmenta zuzeneko proiektuak, hemen ekoiztutakoa hemen jatea ahalbidetzen dutenak, eta horiek dabiltza, hain zuzen ere, egoera hobetzen. Ekologikoa ondo baloratzen dugu oro har, eta jendeak, aukera izatera, gurago du ekologikoa. Baina gero hor ahalmena sartzen da, produktu hori erosteko ahalmena, eta baita aurkitzeko zailtasunak ere.

Eta zelan interpretatu behar dugu hori? Ekologikoa produktu garestia da?

Segun eta zer erosten den eta non erosten den, prezioak asko parekatzen dira. Askotan, balio handiagoko produktuak prezio normaletan saltzen dira. Komertzioek marjina handiak ipintzen dizkiote ekologikoari, badakitelako produktu horien atzean dauden kontsumitzaileak oso kontzientziatuta daudela eta erosiko dituztela. Baina azoketan edo zirkuitu laburretan sartzen diren ekologikoak parekatuta daude ez direnekin. Beste arlo batzuetan berehala jabetzen gara gauzen balioaz. Baina elikaduran, letxuga ekologiko baten eta ekologikoa ez den letxuga baten balioa bereiztea ez da hain erraza. Eta hor dago, hain zuzen ere, gure egitekoa. 

Eta etorkizunari begira, zer?

Epe luzerako estrategia erresilientzia da, eta ekoizpen ekologikoa ekoizpen sistema erresilientea da. Ortugintzan, adibidez, 40 barazkitik gora ekoizten dugu. Izan ere, espezie asko ereiten baduzu, urtaro guztietan lantzen baduzu eta zikloak konbinatzen bazoaz, uzta txarren bat gorabehera, aurrera egingo duzu. Baina dena produktu bakarrera jokatzen baduzu, beharbada hondamena izango duzu. Era berean, inguruko faunagaz eta ongarriekin lan egin behar dugu, aztarna planetarioak gutxitzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!