Aste honetan lanak hasi dituzte Karmen kalea oinezkoentzat bihurtzeko. Lanen ondorioz, erdigunea goitik behera aldatuko da, eta, udalaren esanetan, "apusturik handienetarikoa" eta "funtsezkoa" da. "Karmen kalea oinezkoentzat bihurtzea funtsezko aldaketa da eremu hori herritarrentzat topagune legez berreskuratzeko", azaldu dute udal iturriek. Udalak Karmen 2.0 izendatu du proiektua, eta erdigunea espazio "irisgarriagoa, iraunkorragoa eta pertsonen ongizatean oinarritua" izatea du helburu. "Lan hauek hasteagaz batera, funtsezko urratsa emango dugu gure udalerriaren bihotza eraldatzeko. Zornotzako erdiguneko irisgarritasuna eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeaz gainera, proiektu honek gune berdeagoa, osasungarriagoa eta jasangarriagoa sortuko du gure bizilagunentzat", azaldu du Ainhoa Salterain alkateak.
Obraren konplexutasunagaitik, zenbait fasetan egingo dituzte lanak, eta horrek trafikoan ere eragingo du. Lehenengo fase honetan, biribilgune inguruko zirkulazioa etenda egongo da Gernikako noranzkoan, eta debekatuta egongo da tarte hori erabiltzea; Karmen kaletik biribilgunerako erreia, ostera, erabilgarri egongo dela azaldu dute. Udalak "kanal ofizialen bitartez" emango du neurrien berri "aldian-aldian".