Zelan ezagutu zenuen Margaret Atwooden lana?
Atwooden lana Neskamearen ipuina nobelatik ezagutu nuen. Feminista bilakatzeko prozesuan oraindino ez zegoen genero ikerketarik, baina Bizkaiko Emakumeen Asanbladan bazegoen bibliografia bat horretan trebatzeko. Lanetariko batzuk El segundo sexo eta Política Sexual ziren. Literaturaren barruan, Isadora Duncanen autobiografia eta Margaret Atwooden Neskamearen ipuina zeuden. Literatura aldetik liluratuta geratu nintzen. Maistra lana iruditu zitzaidan, eta literaturgile aparta. Hortik aurrera bere lana etengabe irakurri eta berrirakurri dut.
'Neskamearen ipuina' eta 'Testamentuak' distopiak direla esaten da, baina badute erreal bilakatzen dituen zeozer.
Adwooden azierto handi bat hauxe da: Neskamearen ipuina liburuan historian zehar gertatutakoak kontatzea erabaki zuen. Duen oinarri historikoagaz, ikusten dugu historia errepikatu egiten dela etengabe. Berak idatzi zuenean, faximoaren loraldia ez zebilen gertatzen oraindino, baina gerta zitekeen eta gertatzen ari da.
Atwoodek umore berezia dauka?
Umore fina dauka, batzuetan beltza edo gorria. Andre umoretsua da. Elkarrizketak egiten dituenean oso era umoretsuan egiten ditu. Ironia eta sarkasmoa ere erabiltzen ditu. Berak dioenez, kanadarra delako jokatzen du ezaugarri horiekin, horregaitik bizi dutela dena distantzia horretatik.
Genero ikuspuntua eta boterea bere lanen oinarrian daude.
Boterearen ertz guztiak arakatzea izan da bere lan osoaren helburu nagusia. Zer-nolako botere harremana dugun naturagaz, zer-nolako botere politikoa erabiltzen dugun, generoen arteko botere harremanak eta abar. Botere berba bere hitz gakoetariko bat da.
Genero ikuspuntutik, Atwoodek zein ekarpen egiten du?
Bere lanek gogorarazten digute genero ariketa ezberdinak etengabe gertatzen ari direla, generoaren eta boterearen inguruko gizarte batean bizi garela, hain zuzen ere. Izan ere, generoa da pertsonak azpiratzeko lehenengo ardatza. Hori guzti hori ez ahazteko lan egiten ari da etengabe. Eta baita horren ondorio latzak gogorarazten ere. Zelanbaiteko profeta lana egiten duela esan daiteke.
Atwooden lanak irakurterrazak izateagaz batera, konplexuak dira. Zelan deskribatuko zenuke bere literatura?
Estilistikoki maistra bat da. Esaldia primeran ezagutzen du eta esaldiagaz oso jolas estilistiko onak egiten ditu. Badaude esaldi konplexuak, adjektibazio itzela dutenak, baina badaki erritmoa arintzen, eta elkarrizketa sakonak egiten ditu, umorez eta ironiaz. Gainera, pertsonaia ahaztezinak sortzen ere badaki. Izatez, Atwood filologoa da, eta bere lanetan ondo igartzen da literaturaren nondik norakoak ezagutzen dituela, literaturaren aldamioak ezagutzen dituela. Oso ondo kontrolatzen ditu hizkuntzaren baliabideak.
Zornotzako berbaldian, zer aurkituko dugu?
Liburu mardul bi horiek komentatzeaz gainera, Atwooden aurreko eta ondorengo lanak ere aztertuko ditugu. Bere lanen bitartez, hain maistra handia nondik eta zelan sortzen den ulertzen ahaleginduko gara, eta zein izan den bere bilakaera. Atwoodek etorkizun espekulatiboei buruz berba egiten du. Gogoratu bere distopiak balizko etorkizunak direla. Ez ditu distopiak izendatzen, balizko etorkizunak baino. Gehiago ere baditu, eta berbaldian horiek ere errepasatuko ditugu.
Atwooden lana ezagutzen ez duenari nondik hasteko gomendatuko zenioke?
Baditu oso kontakizun liburu onak. Bere zapore eta neurria hartzeko, kontakizun liburu bat gomendatuko nioke. Nueve cuentos malvados, esate baterako, umore gorriz egindakoa. Baina beti neskamearen ipuinera joateko gero. Hori irakurri beharrekoa da.
Azken lan hori plataforma ezagun batek telesail bihurtu izanak publiko zabalarengana heltzea eragin du.
Guk Skolastikan Neskamearen ipuina hasieratik programatu dugu eta beti egon da gure formakuntza ikastaroetan. Baina gurea salbuespena da, Margaret Atwooden jarraitzaile amorratua izan naizelako eta nire gustua ere hortxe zegoelako. Elkarrizketetan egileak berak kontatzen du Neskamearen ipuina zirkuitu feministetan irakurtzen zela batez ere Baina telesailak oihartzun handia eman dio.
Liburua aurretik landu izan duzunez, telesailak ondo jasotzen du bere esentzia?
Lehenengo denboraldia oso ondo dago, liburu osoa da. Hortik aurrera, liburua desbideratu egiten da. Esango nuke Atwoodek ez zeukala pentsatuta Testamentuak idaztea, hamarkadak joan zirelako liburu batetik bestera. Baina oso andre argia denez, ez zuen kritikatzen telesailaren jarraipena. Eleberrian protagonistak ez du izenik. Juneren bilakaera oso maskulinoa da bigarren denboraldian, eta hirugarrenean eta laugarrenean, gizaki bat baino gehiago, superheroi bat ematen du. Eta hori ez da inondik inora protagonistaren benetako espiritua. Hortaz, Atwoodek oso ariketa inteligentea egin zuen. Pertsonaia nagusi bat hartu eta berak gura zuen bidetik bideratu zuen. Horrela, gidoigileak kritikatu beharrean, material literario bikaina eman zien hori zuzentzeko. Oso estrategia ona izan zen bere partetik.