Iaz Bigarren Federazio Mailara jaitsi eta taldea eraberritu eta gero, Amorebieta futbol taldeak igoeragaz amesten du aurten. Maila berriari neurria hartzea kostatzen ari zaio, batez ere etxetik kanpora, baina joan zen asteburuan Urritxetik urrun lorturiko lehenengo garaipena mugarri bihurtu daiteke. Asteburu honetan hirugarren garaipena segidan lortuz gero, igoera postuan kokatzeko aukera izan lezake.
Zapatuan, Alaves taldearen filialak bisitatuko du Urritxe, 18:00etan. Gasteiztarrak etxean baino hobeto dabiltza etxetik kanpora —hiru garaipen bost partidutan— eta talde arriskutsua da, jokalari azkarrak dituelako. Horregaitik, Amorebietak tentuz ibili beharko du atzean, azken asteetan legez. Aitor Zulaikak gidatutako taldeak partidu bi daramatza golik jaso barik.
Joan zen asteburuan beste filial bat hartu zuen mendean, Zaragozarena: 0-1. Mikel Arzallus eta Gonzalo Zorrilla jokalarien meritua izan zen gola. Lehenengoak baloia aurkariari kendu, eta bigarrenak ederto bilatu zuen tokia area barruan taldekidearen pasea errematatzeko. Zorrillaren hirugarren gola izan zen ligan. Bera da taldeko golegile nagusia Julen Castañedagaz batera. Azken honek ere hiru gol daramatza, euretariko bi penaltiz.