Azken urteetako ohiturari eutsiz, Zornotzako Amorebieta IV pilotalekuak binakako Serie A eta B txapelketetako lau jardunaldi hartuko ditu. Pilota Pro Fest izenburupean, honako data hauek zehaztu dituzte gaurko aurkezpenean: abenduak 5, urtarrilak 2, otsailak 6 eta otsailak 20. Azken horretan play-off-etako partiduak jokatuko dituzte. Jardunaldi guztiak 20:45ean hasiko dira. Jaialdiak DJ baten musikarekin girotuko dituzte eta kirol materiala zozkatuko dute.
Pilotari bizkaitarrak dituzten bikoteak ekartzen saiatuko dira; esaterako, Aimar Morgaetxebarria, etxeko pilotaria. Urri hasieran ebakuntza bat egin zioten, ezker eskuko hirugarren atzamarra hautsita zuelako. Ebakuntza ondo joan zela eta errekuperazioa aurreikusitako epeen barruan (sei bat aste) doala adierazi dio atzelari zornotzarrak ANBOTOri prentsaurrekoan.
Gaurko aurkezpenean beste pilotari bizkaitar bi izan dira: Aitor Elordi mallabiarra eta Xabier Rekalde, orain gutxi Asperekin profesionaletan debutatu duen dimoztarra. Pentsatzekoa da pilotari hauek ikusteko aukera ere egongo dela Zornotzan.
Jaialdietarako sarrerak eta abonoak dagoeneko salgai daude www.entradasfronton.com webgunean. Zornotzako Venecia tabernan eta Urtza tabernan ere eskuratu daitezke.
"Pilota Pro Fest kirol hitzordu bat izateaz haratago, kultur topagune bilakatu da, pilota partidekin batera musika, kale giroa eta herritarren parte hartze aktiboa biltzen dituelako eta herria biziberritzen duelako. Hori da ekimen honek duen indargune nagusietako bat", adierazi du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak gaurko agerraldian.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Lagun Onak eta Erdu pilota klubei, jaialdiak eurekin batera antolatzen dituztelako.