Zornotza Palestinarekin plataforma eguenero-eguenero batzen da herriko plazan, Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israel herrialdean gauzatzen dabilen genozidioa salatzeko. Gaur ere herritar ugari kontzentratu da udaletxearen aurrean; Israelen kontrako boikot ekonomikoak hauspotzera deitu dute: "Badakigu boikota eragin ekonomiko handia izaten ari dela Israelen; eragin hori askoz handiagoa izango da herritar gehiagok parte hartzen badugu kanpainetan". Plataformako kideek eskuorriak banatu dituzte bertaratuen artean, eta marka zehatz batzuk ez erostea eskatu diete herritarrei: "Gaur, hiru marka farmazeutiko azpimarratu nahi ditugu: Teva, Rathiophar eta Deva. Ez erosi horien produkturik. Munduko sendagai generikoen konpainiarik handienen artean daude, eta haiek irabazitako milioika dolar Israelgo erregimen militar eta kolonialetan erabiltzen dira" esan dute. Zornotzako botikei marka horietako produkturik ez saltzea ere eskatu diete.
Plataformako kideek boikot kanpainak eraginkorrak direla azpimarratu dute. Hainbatek "negozioak likidatu" behar izan dituztela eta "Israeletik ospa" egin behar izan dutela adierazi dute, "Orange telekomunikazio konpainiak", adibidez. Era berean, "inbertitzaile batzuek Israelgo eta nazioarteko konpainia batzuetan zeuzkaten funtsak erretiratu" behar izan dituztela jakinarazi dute. Euskal Herriko Sidenor aipatu dute horien artean.
Zornotzar bik manifestua irakurri dute kontzentrazioaren amaieran.