Hiru pertsona atxilo, Zornotzako hainbat etxetako lapurretekin lotuta

E.H. 2025ko urr. 18a, 18:57

Atxiloketak Guardia Zibilak egin ditu. Ustezko gaizkileek Zornotzako hiru etxetan eta Espainiako hainbat herritako 30 etxetan baino gehiagotan egin dituzte lapurretak. Dirua eta bitxiak ostea leporatu diete.

Guardia Zibilak hiru pertsona atxilotu ditu Euskal Herriko eta Espainiako 38 etxebizitzatara sartu eta lapurretan egitea egotzita. Horietariko hiru lapurreta Zornotzan egindakoak direla jakinarazi dute. Gazkileei dirua,  bitxiak eta luxuzko objektuak lapurtzea eta ondoren salmentan ipintzea leporatu diete. 

Barne Ministerioak jakinarazi duenez, ustezko lapurrek Madrilen zeukaten lapurretak prestatzeko basea, eta Briviescan (Burgos) atxilotu dituzte, Zornotzatik bueltan. Guardia Zibilak hainbat objektu konfiskatu dizkie. Horien artean daude urrezko belarritakoak, lepokoak, eskumuturrekoak, eraztunak, erlojuak, bilduma-txanponak eta dirua. 

Ustezko hiru lapurrak epailearen aurretik igaro dira, eta hark haiek kartzelaratzea agindu du. Epaileak talde kriminal baten parte izatea eta indarkeriazko lapurreta jarraituak egitea egotzi die hirurei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!