Zornotzak kultur denboraldi berria hasiko du egitarau zabal batekin. Antzerkia, musika-ikuskizunak, txotxongilo emanaldiak, zinema eta dantza garaikidea izango dira, besteak beste.
Zornotzako Markeliñe antzerki konpainiak etxean estreinatuko du bere obra berria: Hodei guztien gainetik. Urtarrilaren 10ean izango da. Adin guztiei begirako lana da, umeek nahiz nagusiek berdin gozatzekoa. Obrak, hain zuzen, gurasoen eta seme-alaben arteko harremana du ardatz; edo hobeto esanda, harreman eza. "Produktibitatearen munduan gurasoek ez daukate kalitatezko denborarik euren seme-alabekin ekintzak egiteko. Gai horretan sakontzen dugu", adierazi du Markeliñeko Iñaki Egiluzek. Gainerako guztia baztertu eta lanean zentratuta bizi den aita bat da protagonista. Momentu batean zorabiatu eta hodei artean esnatzen da. Han, beste pertsonaia batek, begiak irekitzen dizkio bizitzan benetan garrantzitsuak diren kontuen inguruan. Markeliñek ohi duen moduan, testurik gabeko obra da.
Anita Maravillasen 20. urteurrena
Zornotza Aretoak Anita Maravillas txotxongilo-antzerki konpainia ezagunaren 20. urteurrena ere ospatuko du, eta bere hiru obra enblematikoenak aurkeztuko ditu: Jon Braun, Kotondarrak eta Andereño. Abenduaren 29an, 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an izango dira, hurrenez hurren.
Dantzari dagokionez, Marcat Danceren Averno bezalako ekoizpenak nabarmentzen dira, urriaren 25ean. Musikan, Zornotza Aretoak kontzertu ugari eskainiko ditu, besteak beste, Zornotzako Musika Bandaren Magyc Melody, (azaroaren 22an), Frankestein agurgarria (Ana Galarraga & Petti) eta Eñaut Elorrieta eta Alos Quarteten kontzertua (urtarrilaren 23an). Antzerkiari dagokionez, aipatutakoez gain, Maite Guevararen Susto, Sutottoren Feliz Dia, Ste Xeitoren Neura eta Txalo Produkzioak taldearen Trajea ere ikusi ahalko dira.
Kultura inklusiboaren aldeko apustua
Zornotzako Udalak hobariak eta abantailak eskaintzen ditu Zornotza Aretoaren programaziorako sarbidea errazteko. Hala, Zornotzan urtebete baino gehiago erroldatuta daramaten pertsonek, hobari hauek jasotzeko aukera izango dute urteko abonuen prezioaren gainean:
- % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek % 100eko deskontua jaso ahal izango dute urteko ordainketan.
- Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) prestazioaren zenbatekora bitarteko gehieneko diru-sarrerak dituzten pertsonek % 100eko hobariak jaso ahal izango dituzte, eta %50eko hobaria gehieneko diru-sarrera horiek %50eraino gaindituz gero.
Gainera, kolektibo horiek doako hiru sarrera izango dituzte zinemarako eta bi zuzeneko ikuskizunetarako. Bestalde, Zornotza Aretoak deskontu bereziak eskaintzen dizkie gutxienez hamar lagunentzako sarrerak erosten dituzten elkarte eta ikasle-taldeei.
"Egitarau hau eskaintza artistiko anitza eta irisgarria eskaintzeko dugun konpromisoaren adierazle da, non antzerkiak, dantzak, musikak eta zinemak gure komunitatea aberasteko aukera ematen duten", adierazi du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak gaurko aurkezpenean.