Domekan nazioarteko krosa lehiatuko dute Zornotzan

Joseba Derteano 2025ko urr. 15a, 15:35

Gaurko aurkezpeneko irudia.

Goi mailako korrikalariak batuko ditu emakume nahiz gizonetan. Lasterketa herrikoia ere egingo dute.

Domekan goi mailako kroslariak ikusteko aukera dago Zornotzan, nazioarteko krosaren 71. aldia lehiatuko baita Jauregibarriako landetan. Aurreko aldietan lez, World Athletics Cross Country Tour Gold zirkuituaren baitako proba izango da. Horrela, Zornotzako hitzorduak erreferentziazko proba izaten jarraitzen du udazkeneko denboraldian.

Lehenengo eskola-kategorietako lasterketak izango dira. Emakumeen elite mailako proba 12:15ean hasiko da eta gizonena, 13:00etan. Lasterketa biak zuzenean emango ditu ETB-1ek, eta Teledeporte kirol kateak (RTVE) hainbat emanaldi eskainiko ditu, ekitaldiaren hurrengo astean zehar.

Herri-lasterketa misto bat eta aniztasun funtzionala duten atletentzako probak ere egingo dira, ekitaldiaren izaera inklusiboa eta parte-hartzailea berretsiz.

"Zornotzako krosa herriko nortasunaren parte da. Gainera, ekitaldi honek munduko atletismoaren mapan kokatzen gaitu urtero eta, aldi berean, inklusioa, parte-hartzea eta kirolarekiko konpromisoa indartzen ditu", adierazi du Ainhoa Salterain alkateak gaurko prentsaurrekoan.

Trafikoan eraginak

Krosa dela eta, udalak behin-behineko neurriak hartuko dira ibilgailuen trafikoari dagokionez. Batetik, Jauregibarriako aparkalekuan ezin izango da aparkatu urriaren 18ko 23:00etatik urriaren 19ko 17:00etara. Bestetik, ezin izango da ibilgailuz Jauregibarriako eremura sartu urriaren 19ko 07:00etatik 14:00etara, baimendutako pertsonak eta bertan bizi diren herritarrak izan ezik.

URRIAK 19 - ORDUTEGIA

  • 09:40 14 urtez azpiko neskak. 2.700 metro.
  • 09:55 14 urtez azpiko mutilak. 2.700 metro.
  • 10:10 12 urtez azpiko neskak. 1.550 metro.
  • 10:20 12 urtez azpiko mutilak. 1.550 metro.
  • 10:30 18 urtez azpiko neskak. 4.700 metro.
  • 11:00 18 urtez azpiko mutilak. 4.700 metro.
  • 11:25 Proba paralinpikoa. 1.970 metro.
  • 11:40 Lasterketa herrikoia. 4.700 metro.
  • 12:15 Emakumeen maila absolutua. 8.700 metro.
  • 13:00 Gizonen maila absolutua. 8.700 metro.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!