Dragoi Bola Super telesaileko euskarazko bikoizleak Mangamoren izango dira

Aritz Maldonado 2025ko urr. 8a, 13:45

Koldo Bilbao zinegotzia, Ainhoa Salterain alkatea eta Mangamore jaialdiaren maskota.

Urriaren 11n eta 12an Mangamore jaialdiaren edizio berri bat ospatuko da; Anna Morales (SizeMatters) zientzia dibulgatzaileak, Alexby11 youtuberrak eta Dragoi Bola Super telesaileko bikoizketa taldeko kideek parte hartuko dute, besteak beste. 

Hemeretzigarren edizio honetan Anna Morales (SizeMatters) zientzia dibulgatzaileak 'Ciencia con Pokemon' berbaldiagaz parte hartuko du; bertan, Pikachu eta Bulbasur bezalako pokemonen atzean dauden azalpen zientifikoak eskainiko ditu. Alexby11 youtuberra ere Mangamoren egongo da; zortzi milioi jarraitzaile ditu influencerrak. Dragoi Bola Super telesaila euskarara bikoizteaz arduratzen den lantaldeak ere bisitatuko du Zornotza asteburuan. Horrez gainera, egitarauan artista, denda eta kultur eragile zornotzarren parte hartzea sustatu dute antolatzaileek. "Mangamore Japoniako manga edo kulturari buruzko jaialdia baino gehiago da, sormena, tokiko parte hartzea eta belaunaldien arteko topaketa bihurtu den hitzordua da", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. Egitarau osoa www.mangamore.eus atarian dago ikusgai.

Bestalde, Japoniako tradizioek ere izango dute euren erakusleihoa Mangamoren. Horrela, zapatu arratsaldean Kazeoto taldeak kontzertua eskainiko du Amorebieta IV pilotalekuan; bertako instrumendu tradizionalekin egindako ikuskizuna da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!