Eleizetan kontzertu zikloa bere azken asteburura heldu da. Zapatuan, hilak 20, Iñaki Palacios musikari gasteiztarrak txistu kontzertua emango du. "Euskal Herrian hain errotuta dagoen musika tresna honegaz batera egon ez diren elementu eta erritmoak uztartzen ditu; entzulearentzat soinu fresko eta erakargarriz josten ditu bere abestiak", azaldu dute antolatzaileek. 20:00etan izango da emanaldia, Etxanoko Andra Mari elizan, eta, ohikoa den moduan, doako autobusa ipiniko dute bertara joateko, 19:30ean, San Migel kalean, Osasun zentroaren parean.
Bestalde, domekan Eresma gitarrista bikoteak emango du kontzertua, 19:00etan, Garaitondoko San Isidro elizan; bertara joateko autobusa 18:30ean irtengo da, ohiko geralekutik. Eresmak 100 kontzertu baino gehiago eman ditu, baita nazioartean ere, eta hainbat jaialdi garrantzitsutan ere parte hartu du, hala nola Panticosako Nazioarteko jaialdian eta Europako beste hainbat ziklo eta jaialditan. 2018an sortu zuten taldea, Salzburgoko Universitat Mozarteum ospetsuan.