"Pello Gutierrez zornotzarrak Euskadiko gerrikoa izango du jokoan"

Joseba Derteano 2025ko ira. 19a, 11:30

Zornotza Royal Boxingek eta Lions Fight Klubek Basque Warriors boxeo jaialdia antolatu dute zapaturako. Ixerbekoa kiroldegian izango da eta 19:00etan hasiko da. Orain arte antolatu duten gaubelarik inportanteena izango da; sei borrokaldi amateur eta neoprofesional mailako lau daude. Tartean, Euskadiko gerriko bi egongo dira jokoan. Cristian Galindo (Zornotza, 1991) jaialdi hau posible egin duenetariko bat da.

Laugarren aldia denetan itzelena izango da?
Dudarik barik. Lehenengo biak Zornotza Boxeo Eguna deitu ziren. Ondoren, Basque Warrior gerrikoak sortu genituen eta gau-jaiak izen horixe hartu zuen. Aurten, gure gerrikoak ez ezik neoprofesional mailako Euskadiko beste bi ere egongo dira jokoan. Gerrikoek beste hedadura eta oihartzun bat ematen diote ekitaldiari. 

Maila neoprofesionalaren helburua amateurretatik profesionaletara dagoen saltoa leuntzea da?
Bai. Alde handia dago amateurretatik profesionaletara: eskularruak diferenteak dira, round gehiago dago, fisikoki beste prestakuntza bat eskatzen du… Mundu profesionalean aritu gura duenak argi izan behar du non sartzen den. Ringera igotzea gauza serioa da eta lan handia dago atzetik. Horregaitik, tarteko maila bat egoteak asko laguntzen du. Urte asko dira neoprofesionaletako borrokaldirik egiten ez zela Euskadin. Amateurrak zuzenean pasatzen ziren profesionaletara. Valentzian eta Galizian, ostera, horrelako borrokaldiak modan daude. Euskadiko Federazioak ikusi du zeresana ematen dutela, eta aurten antolatzen utzi digu. 

Borrokaldi batzuetan eskualdeko boxeolariak izango dira protagonista. Nortzuk dira?
Pello Gutierrez zornotzarrak Euskadiko gerrikoa izango du jokoan. Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazitakoa da amateur mailan. Denbora gutxi darama boxeoan, baina oso goian dabil. Gogotsu entrenatzen da eta lortzen dabilen dena ondo merezitakoa da. Ali Taabate gipuzkoarra izango du aurkari. Alik hainbat bider irabazi du Euskadiko txapelketa amateurretan. Orain, biek beste pauso bat emango dute neoprofesionaletako gerrikoa lehiatuta. Basque Warrior gerrikoan Jon Ander Calvo zornotzarrak parte hartuko du. Sopelako Rivero gimnasioko Josu Fuertes izango du kontrario. Zaleek borrokaldi biekin gozatuko dutela uste dut.

Zeintzuk dira neoprofesionaletako beste borrokaldi biak?
Euskadi mailako beste borrokaldia hau da: Carlos Barbosa Reni Agirreren kontra. Agirrek gerrikoa ipiniko du jokoan. Eta Barbosa Espainiako txapelduna da K1 modalitatean. Orain boxeoa probatzen dabil, maila onean gainera. Basque Warrior mailan Getxoko BUNK3R klubeko Jon Ander Blancok gerrikoa ipiniko du jokoan. Nafarroako Iparbox klubeko Diego Floresen aurka borrokatuko da. Pike polita dago bien artean. Teknika eta potentzia handiko boxeolariak dira eta borrokaldi ederra eskaini dezaketela uste dut. Sarrerak egunean bertan Ixerbekoako leihatilan erosi ahal izango dira, 17:30ean hasita. Astean zehar, Zornotzan nahiz Gernikan ditugun gimnasioetan ere eskuratu daitezke.

Zein da boxeoaren egoera eskualdean eta Euskal Herrian?
Boxeoak Kerman Lejarragaren sasoian jo zuen goia inguruotan. Erreferente bat zen. Boxeoa utzi zuenean, zaletasuna jaitsi egin zen apur bat, eta orain berriro gorantza doa. Egia esanda, asko zor diogu Kermani. Egundoko afizioa sortu zuen eta 10.000 laguneko kiroldegiak betetzen zituen. Andoni Gago boxeolaria ere aipatuko nuke. Eta Txutxi del Valle promotoreak lan handia egin zuen boxeoari ikusgaitasuna emateko. 

Zu zeu ere boxeolaria izandakoa zara. Zelan gogoratzen duzu sasoi hura?
K1ean eta MMAn aritu eta gero, boxeora pasatu nintzen. Probatutako guztitik boxeoa gustatu zitzaidan gehien. Besteek ez duten zerbait eman zidan. Kerman Lejarragagaz entrenatu nintzen urte askoan. Gerora, irakasle izateko tituluak atera nituen. Gimnasio txiki bategaz hasi nintzen eta orain bi ditut: Zornotzan eta Gernikan. Promotoreei laguntzen ere ibiltzen naiz. Boxeoa eta bere ingurua nire ogibide bihurtu dira. 

Ring gaineko sasoiaren falta igartzen duzu?
Ez, boxeoa irakasteak guztiz asebetetzen nau. Gaur egun 250 lagun ditugu entrenatzen, adin guztietakoak. Zortzi urteko ikasleak ditut, eta baita 65ekoak ere. Testuinguru desberdinetatik datozen ikasleak dira. Batzuk sasoi txarra pasatzetik datoz. Eurei laguntzen nabilela sentitzea itzela da. Gainera, bi-hiru kenduta, gainerako denak gugaz hasi dira, elkarregaz hazi gara. Gugaz ikasi dute eta guk eurekin ikasi dugu. 

Boxeoaren eta MMAren artean ika-mika bat baino gehiago izan da azken urteetan. Azken adibidea Ilia Topuriarena da, boxeolariak gutxietsi dituelako. MMAk boxeoari erreferentzialtasuna kendu diezaiokeela uste duzu?
Ez dut uste. Topuria modan dago eta jendea moden arabera mugitzen da askotan. Baina nik Topuria kaiolan ikusten dudanean boxeoa ikusten dut. Badaki lurrean borrokatzen, aurkaria eraisten, baina beste ezeren gainetik boxeatu egiten du. Niretzat eta askorentzat boxeoa da kirolik konplikatuena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!