Gaur irekiko ditu ateak 'Ia zu zinen' erakusketa ibiltariak

Aritz Maldonado 2025ko ira. 18a, 13:32

28. edizioa du Bosteko arte garaikide erakusketa ibiltariak. Aurten, Ia zu zinen erakusketa izango du ardatz. Sofia Mendiondo, Hodei Herreros eta Argiñe Ceballos artisten lanak batzen ditu erakusketak; Paula Fuentes da erakusketaren komisarioa. Gaur irekiko ditu ateak erakusketak, 19:00etan, eta urriaren 9ra arte egongo da ikusgai Zelaieta Zentroan. Ostean, Leioara, Getxora eta Basaurira eramango dute erakusketa. 

Bosteko bezalako ekimenek herrietan egiten duen ekarpena nabarmendu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. "Zornotzarrek gure lurraldeko artista garaikideen talentuaz gozatzeko aukera dute Bostekogaz. Udaletik, guztion eskura dagoen kultura batekin konprometituta gaude, eta Bosteko horren adibide da", gehitu du. Prentsaurrekoan Sofia Mendiondok, Hodei Herreosek eta Argiñe Ceballosek ere parte hartu dute, Ia zu zinen erakusketako obren egileak. "Erakusketak ikuspegi introspektibo bat eskaintzen du, eta ikuslea izatearen eta ez izatearen kontzeptuaren inguruan hausnartzera gonbidatzen du. Bertan, gorputzak eta identitate zatikatuak, ahulak eta aldagarriak direla erakusten da. Artisten lanek nortasuna ikuspegi plural eta eraldatzaile batetik lantzen dute, eskultura, testu, argazki eta ikus-entzunezko piezak erabiliz, ikusleak izakiarekin eta ia izan zenarekin duen harremana zalantzan jartzeko espazio bat sortuz", azaldu du Paula Fuentes erakusketaren komisarioak. 

Bestalde, bisita gidatu bi ere antolatu dituzte; irailaren 25ean izango dira, 18:30ean (gazteleraz) eta 19:15ean. Irailaren 26an, ostera, 'Hankak zurtoin bilakatzen diren tokian' ikastaroa eskainiko du Ceballosek. Izena emateko, paulafuentescurator@gmail.com helbidera idatzi behar da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!