"Guztiontzako mugikortasuna" lelopean, garraiobide jasangarriak eta bizi-ohitura osasungarriak duten garrantziaz sentsibilizatzeko jarduerak antolatu ditu Zornotzako Udalak. Bihar, hilak 18, Zelaieta parkean izango dira eguneko jarduera nagusiak: Marrazki lehiaketa eta erakusketa, Party 7-Bike ekimena, txapa tailerra, edota bizikleta ibilbidea. Hurrengo egunean, barikuan, 6-14 urte bitarteko gazteak izango dira protagonistak. Beraientzako espresi oztopo-ginkana prestatu dute Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak eta Sociedad Ciclista Amorebietak udalagaz elkarlanean.
Bestalde, irailaren 18an, 17:00-20:00 bitartean bizikleten merkatua egingo dute Zelaieta parkean. "Ekimen hau helburu argi batekin jaio da: erabiltzen ez diren bizikletak berreskuratzea eta bizitza berri bat ematea, egunerokoan erabil ditzaketen pertsonen eskura jarriz, lanera joateko, ikasteko, erosketak egiteko, edo besterik gabe, modu jasangarriagoan mugitzeko", azaldu du udala ohar baten bidez. Ekonomia zirkularra sustatzeko asmoa ere badu ekimen honek.