SD Amorebieta denboraldiko lehenengo garaipenaren bila

J.D. 2025ko ira. 12a, 11:30

@sdamorebieta

Iaz Lehenengo RFEF Mailatik bigarrenera jaitsi eta gero, SD Amorebietak jokalari berri askogaz hasi du denboraldia. Entrenatzailea ere berria da, Aitor Zulaika. Beharbada horregaitik, taldea oraindino berde dagoelako, galdu egin ditu orain arte jokaturiko partidu ofizial biak: ligako estreinakoa Real Unionen aurka eta RFEF Kopako kanporaketa Zamoraren kontra.

Aurkariak ere ez dira edozelakoak izan, dena esan behar bada. Federazio Kopako lehenengo kanporaketan aritu diren 32 taldeen artetik indartsuenetarikoa izan da Zamora. Eta Real Unionek, ondo bidean, mailaz igotzeko borrokan behar luke ligan.

Gauzak horrela, Amorebieta denboraldiko lehenengo garaipenaren edo gutxienez lehenengo puntuaren bila joango da asteburuan Aragoira. Domeka eguerdian CD Ebro taldearen kontra neurtuko ditu indarrak. Zaragozako taldeak berdindu egin zuen ligako lehenengo jardunaldian. 

Etxekoentzat aukerak
Aurtengo taldea osatzeko, Amorebietak harrobira ere jo. Horren adibide da Iker Rekagorri, haur kategoriatik klubeko harrobian ibili den 21 urteko zornotzarra. Lehenengo taldeko fitxa du aurten. Real Unionen kontra titular irten eta 65 minutuan jokatu zuen. Asier Sanchezi utzi zion bere tokia. Sanchez ere eskualdekoa da, berriztarra. 22 urte ditu eta Eibar taldetik dator.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!