Historikoki El Carmelo ikastetxeari lotuta egon den El Carmelo parkea eremu publiko berria da aste honetatik aurrera. Hain zuzen ere, ikastatxeak eremua udalari utzi ostean, goitik behera aldatu eta berdegune berria ireki dute zornotzarrentzat. "Zornotza auzoak eta berdeguneak dituen udalerria da. El Carmelo parkea irekiz, beste urrats bat eman dugu herri eredu irisgarriagoa, jasangarriagoa eta zornotzarren bizi-kalitatea lehentasun eta ardatz izango duena erakitzeko konpromisoan. Parke hau paseatzeko, atseden hartzeko, topatzeko eta gure inguruez gozatzeko lekua izango da", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. Eguaztenean parkea inauguratu ostea, egunero erabili ahalko da, 07:00etatik 23:00etara.
Obrak urte hasieran hasi zituzten, eta ia bederatzi hilabetez luzatu dira. Guztira, 400.000 euro behar izan dituzte parkea goitik behera eraldatzeko; oinezkoentzako hiru sarbide berri sortu dituzte, bi ibilbide nagusi diseinatu dituzte, eta bertan landaredia edota altzariak jarri dituzte, besteak beste. Udalak El Carmelo ikastetxeari eskerrak eman gura izan dizkio, bestalde. "Elkarren arteko lankidetzari esker Zornotzak berdegune berri bat du gaur, herritar guztiei irekia. Horrelako keinuek hezkuntza-komunitatearen eta udalerri osoaren arteko lotura indartzen dute". Jon Rojas El Carmelo ikastetxeko zuzendariak, ostera, ikastetxean egindako aldaketegaz lotu du parkearen eraldaketa. "Eraldaketa nabarmena egin dugu azken urteetan, bai barruko espazioetan, eta baita, kasu honetan bezala, kanpokoetan ere. Beste urrats bat da espazio hau herritar guztiei zabaltzea", azaldu du.