Zapatuan ekingo diote Eleizetan berriari

Aritz Maldonado 2025ko ira. 4a, 15:30

Olatz Salvador. ANE BERRIOTXOA

Irailaren 6tik 21era bitartean, sei kontzertu emango dituzte Zornotzako beste horrenbeste gunetan; Olatz Salvador musikariak egingo du lehenengo ikuskizuna, Etxanoko Andra Mari elizan; doako autobus zerbitzua eskainiko dute emanaldietarako. 

Irailagaz batera, ganbera musikak Zornotzan urtero duen hitzordua heldu da. Izan ere, Eleizetan zikloak hamarkada bi baino gehiago daramatza Zornotzako eliza eta ermitak agertoki bihurtzen. "Eleizetan 2025 ez da musika jaialdi bat bakarrik. Ziklo honek udalerria beste era batera ezagutzera gonbidatzen gaitu, historia duten guneak eta musika proposamen desberdinak uztartuz, kalitatezko eta doako formatu hurbilaren alde eginez", azaldu du Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak. Olatz Salvadorrek egingo du aurtengo lehenengo emanaldia, zapatuan, 20:00etan, Etxanoko Andra Mari elizan; biharamunean, Julian Añoverrek eta Javier Castañok osatzen duten In Media Res Duo bikotearen txanda izango da, Dudeako San Migel elizan, 19:00etan. Ondoren etorriko dira Kare, Halos, Iñaki Palacios eta Eresma artisten kontzertuak.  

2002an sortu zenetik, Eleizetan kultur zikloak hiru oinarri ditu: kalitate artistikoa, kamera formatua izatea eta kontzertuari izaera ematen dion kokalekua. 

Zornotzako Udalak antolatzen du Eleizetan zikloa, urtero legez, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Herritarrei sei emanaldietara joatea errazteko, antolatzaileek doako autobus zerbitzua antolatu dute; autobusa San Migel kaletik irtengo dela jakinarazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!