Egunean 40 hitzordu eskainiko dituzte, eta interesdunek aurretiaz hartu beharko dute ordua; horretarako, Herritarren Arreta Zerbitzuaren bulegora joan beharko dute, edo 946 300 002 telefonora deitu; Zornotzako Udalaren esanetan, orain artean martxan egon den WhatsApp bidezko zerbitzuak ez du jarraituko.
Herritarrek NAN eta pasaportea egin edo berritu ahal izango dituzte gunean, eta NANaren ziurtagiri elektronikoa ere aktibatu ahalko dute (udalak ohar baten bitartez zehaztutakoaren arabera, zerbitzu horretarako ez da hitzordurik behar). NAN berritzeko, herritarrek hamabi euro ordaindu beharko dituzte, eta pasaporterako 30 euro. Horrez gainera, ordainketa eskudirutan egin beharko dutela gogoratu du udalak.