Agerraldia egin dute Zornotzako Etxez Etxeko zerbitzuko langileek

Anboto 2025ko uzt. 31a, 13:48

Uztaileko osoko bilkuran Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuaren kontratu aldaketa onartu dute. Kalean, zerbitzuko langileek agerraldia egin dute. 

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren egungo kontratuaren aldaketa onartu du udalbatzak uztaileko osoko bilkuran. Zerbitzuari esleitutako ordu kopurua ahalbidetuko du horrek, eta gaur egungo 20.200 orduetatik 27.500 orduetara iritsiko da 2028an. "Zerbitzu horren eskaera gero eta handiagoari erantzuten dio aldaketa horrek, erabiltzaileek kalitatezko arreta jasotzen jarraituko dutela bermatuz", azaldu dute udaletik. Zerbitzuaren aurrekontua ere igo egingo da, eta igoera progresibo baten bidez, 1.041.794 eurora iritsiko da 2028an (gaur egun, 760.000 eurokoa da).

Zerbitzuko langileek, ostera, agerraldia egin dute udaletxearen atarian. "Duela bi urte ekin genion borroka honi, zerbitzu hau publifikatzearen alde; horrelako zerbitzu batek kudeaketa publikoa eta gardena izan behar duela uste baitugu. Lan egitea gura dugu, baina duintasunez", aldarrikatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!