Kasualitatez sartu zinen artzai txakurren txapelketen munduan, ezta?
Bai. Lagun batek txakurkume bat oparitu zidan, baldintza bategaz: txakurra hezi behar nuen. Horretarako leku bat topatu nuen, Diman. Urte bi aritu ginen lanean, eta artaldea gobernatzeko oinarrizkoa ikasi nuen: etzan, eskuma, ezkerra... Bertan, Artxateko kide bat ezagutu nuen, eta elkartean sartzera animatu ninduen.
Orduan hasi zinen txapelketetan?
Bai, badira 10 urte elkarteko kide naizela. Orduan hasi nintzen ikasitakoa txapelketetan praktikan jartzen.
Txapelketetan aritzeak badu bere zailtasuna.
Plaza gizona izan behar da, urduri egonez gero ez dago zereginik-eta. Gainera, txakurra ondo hezita egon behar da, sekulako konfiantza izan behar duzu berarengan: agindu azkarrak eta argiak eman behar zaizkio, momentuan. Bestalde, txakurrak ardiak hartzen dituenetik artaldeari begiratu behar zaio, une oro. Aurrean doan ardiak markatzen du norabidea. Txakurra lasai egotea ere oso garrantzitsua da.
'Beltz'-ekin lehiatzen duzu orain. Nolakoa da bion harremana?
Momentu oro dakit zer egingo duen, aginduak nola beteko dituen. Txapelketetarako oso ondo ezagutu behar da txakurra. 'Beltz' bizia da, eta badakit ezin dudala larregi bizitu. Lasaitu egin behar dut. Oso arina da, eta hori ere oso kontuan hartu behar dut. Nire esanei adi dago beti.
Nola bizi dituzu txapelketak?
Gozatu egiten dut txakurragaz, hasi eta bigarren urtean uzteko zorian egon nintzen arren. Oso urduri jartzen nintzen, txakurrak zer egingo zuen beldurrez..., baina buelta ematea lortu nuen. Neure mailan lehiatzea, gozatzea erabaki nuen; txarto irtendakoa konpondu eta hurrengoari begiratzea. Orduan, lasaitzen hasi nintzen. Etxean ikasitakoa erakustea, gehiago ez diot eskatzen txakurrari. 'Beltz' sasoi betean dago; baina, aurten, 'Hiru'-rekin ere hasi naiz. Harek zer dakarren eta nola moldatzen den ikusteak ere ematen dit gozatua.
Zer egiten zaizu gatxena?
Proba guztietan aritzea gustatzen zait, denetatik ikasten delako zerbait. Iparraldean bestelakoak dira probak, bada, bertara joatea erronka lez hartzen dut.