Zelan jaso duzue pregoia irakurtzeko gonbidapena?
Sopresaz, ez genuen espero; udaletxetik deia jaso genuenean, ezagunen bat txantxetan zebilela pentsatu genuen. Behin hotzean hartuta, ohore bat da. Herrian 75 urte daramatzagu lanean, herritar asko igaro dira gure eskolatik, eta Zornotza den modukoa bada, era batera edo bestera, apur bat bada ere, gure ekarpenagaitik ere bada. Guretik pasa diren ikasleek gugandik balore horiek jaso dituzte, eta beraz, sorpresaz jaso dugu, baina pozik.
Badakit oraindik pregoia idatzi barik duzuela, baina, zein mezu zabaldu gura duzue?
Gure izaera kontuan hartuta, eskola bezala baloreak asko zaintzen ditugu, eta hori islatu gura dugu bai herrian, baita jaietan ere. Egun asko dira jaietan, eta errespetuz eta elkarregaz gozatzeko egunak izan behar dira, disfrutatzeko egunak, eta inork inor molestatu barik. Herriko hiri-altzariak ere errespetatu behar dira, ez bakarrik pertsonak. Paperontzi, horma edota dena delakoak hondatzeak prezio bat du, eta zaindu egin behar dira.
Nortzuk igoko zarete balkoira?
Eskola amaitu aurreko egunetan jaso genuen deia, eta ostean parte-hartze prozesu bat abiatu genuen, balkoira nor igo erabakitzeko. Ikasleak, ahiztak, eskolako irakasleak eta Karmeliten ahizpetakoren bat ere egongo da. Ikasleren batek zerbait esatea ere ondo egongo litzateke.
75 urtean nolako ekarpena egin dio ikastetxeak Zornotzari?
Oso parte-hartzaileak gara, eta antolatzen diren ekimen askotan parte hartzen dugu, adibidez, Euskal Jaietan, edota Zornotzako jaietako hainbat ekintzatan. Herriagaz lotura ona dugu, eta zerbait egiten denean apuntatzen gara.
Zelan biziko dituzue aurten herriko jaiak?
Ikastetxea garen heinean, herritarrek parte hartzen duten ekintza ahalik eta gehienetara joaten saiatuko gara. Kontzertu edo antzerkietara joatea, adibidez, ondo dago, noski, baina ikastetxe bezala, uste dugu garrantzitsuena herritarrak protagonista diren ekitaldiak direla, hau da, marmitako txapelketa, pregoia, danborrada eta txistularien kalejira, adibidez.