Zornotzako jaiak

"Ohorea da eta poztasun handia ematen digu"

Joseba Derteano 2025ko uzt. 14a, 08:00

Herritarrak mendeurreneko ospakizuneko parte bihurtzea. Ideia horrekin antolatu dituzte orain arteko ekimen guztiak eta aurrera begira ere horixe dute helburu, Jon Larrea klubeko presidentearen esanetan. Jaietan, bazkari herrikoia egingo dute marmitako txapelketaren barruan eta atzoko eta gaurko zaleen eta jokalarien bilgune izatea gura dute. 

Zelan hartu duzue txupinazoa botatzeko ardura?
Ohore handi bat da guretzako. Ohorea eta erantzukizuna ere bai. Poztasun handia ematen digu txupinazoa botatzeak eta jaiei ahalik eta hasiera onena ematen saiatuko gara.

Zelan joan dira mendeurrena ospatzeko orain arte antolatutako ekimenak?
Oso ondo joan dira. Ospakizuna hasteko, urtarrilean, kalejira bat egin genuen herrigunetik Urritxeraino eta urteurreneko bandera igo genuen. Gerora etorri dira 100 urteko historia laburbiltzen duen erakusketa, ONCEko kupoia… Gure helburuetako bat herritarrak eta herria ospakizunaren parte bihurtzea izan da, bazkide izan zein ez, azken batean, SD Amorebieta herritik sortu baitzen. Gauzak horrela, herrian errotuta dauden hainbat ekimenetan parte hartu dugu. Zintzilik lehiaketan sari bat eman genuen, eta Haizetara lehiaketan beste bat, kirola eta kultura uztartuta. 

Jaietan zer egingo duzue?
Bazkari herrikoia egingo dugu uztailaren 19an, marmitako egunaren barruan. SD Amorebieta maite dugunon ospakizun alai eta eder bat izatea gura dugu. Gero, egun berean, mendeurreneko futbol partidua egongo da. Ekimen biak bereziak dira guretzako. 

Urtea amaitu bitartean zer geratzen da?
Urte amaiera aldera, dokumentala aurkeztuko dugu. Batez ere, klubaren azken 25 urteetako ibilbidea jasoko du. 75. urteurrenean liburu bat atera zen eta haren osagarria izango da. Klubaren historia osoa errepasatuko du, baina gehienbat azken 25 urteetan zentratuta.

Denboraldi berria prestatzen ere bazabiltzate eta, besteak beste, harrobiko jokalari bi lehen taldera igo dituzue: Iker Rekagorri eta Aitor Intxausti.
Eta ez dira bakarrak izango. Lehenengo RFEF mailan ibiltzeak, beharbada, beste mota bateko fitxaketak egitera behartzen zaitu, baina orain Bigarren RFEF mailan egonda, berriro berreskuratu dezakegu harrobiko apustu hori. Harrobia gure birikak dira eta gazteei aukerak ematea albiste pozgarria da guretzat. Eta, diodan moduan, ez dira bi bakarrik izango. Beste gazte batzuek lehen taldearekin egingo dute denboraldiaurrea eta ez zenbaki bat izateko bakarrik, lehen taldean geratzeko aukerekin baizik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!