Athletic Club eta Ponferradina taldeek jokatuko dute SD Amorebietaren mendeurreneko partidua

Anboto 2025ko uzt. 7a, 12:45

Norgehiagoka uztailaren 19an, 20:00etan hasiko da.

Hasiera batean, SD Amorebietak (SDA) eta Athleticek jokatu behar zuten mendeurreneko partidua, baina plana aldatu behar izan dute eta SDAk ez du jokatuko. Aldaketa Athleticeko entrenatzaile Ernesto Valverdek proposatu du. Txapeldunen ligara bueltan, denboraldi exigentea dute aurretik eta entrenatzaile zurigorriak "erresistentzia nahikoa" eskainiko dieten taldeak gura ditu aurredenboraldian, SDAk ohar batean azaldu duenez. Amorebietak ez du baldintza hori betetzen, partiduaren egunean aurredenboraldia hasi barik izango duelako; bost egun geroago ekingo diote, hilaren 24an.

Horiek horrela beste aurkari bat bilatu behar izan dute. SD Ponferradina da aukeratua, aurreko denboraldian Hypermotion Ligara itzultzeko atarian geratu zen taldea. Horrela, uztailaren 19an, 20:00etan, Urritxen ikusgai egongo den partidua Athleticen eta Ponferradinaren artekoa da.

Sarreren salmenta

SDAko bazkideek lehentasuna izango dute sarrerak erosteko orduan. Hori bai, uztailaren 14an —astelehena— eta uztailaren 15ean —martitzena— erosi beharko dituzte San Migel kalean dagoen klubeko dendan, 10:00etatik 14:00etara. Karnet bakoitzeko sarrera bakarra emango da. Bazkideentzako hiru prezio egongo dira: tribuna, 20 eurotan; orokorra, 15 eurotan; eta haur orokorra, 10 eurotan. Uztailaren 15etik aurrera, bazkideek ez dute euren sarrera bermatuta izango.

Publiko orokorrarentzako sarrerak uztailaren 17 –eguena— eta uztailaren 18an —barikua— salduko dira, bai SDAren dendan, bai klubaren webgunean (www.sdamorebieta.eus), prezio hauetan: tribuna, 25 eurotan; orokorra, 20 eurotan; eta haur orokorra, 10 eurotan.

SDAko bazkideek sarrerak erosi ahal izango dituzte hilaren 17an eta 18an, baina klubeko dendan bakarrik erosi ahal izango dituzte eurei esleitutako prezioan, eta ez dituzte bermatuta izango: uztailaren 14an eta 15ean bakarrik izango dute lehentasuna.

Sarrerak geratzen badira, partida egunean ere eskuratu ahalko dira, 19:00etatik aurrera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!