Kategoriaz aldatzea aldaketa sakonen sinonimo izaten da sarritan, eta horixe da SD Amorebietaren kasua, Lehenengotik Bigarren RFEF mailara jaitsi ostean. Momentuz, hainbat aurpegi berri aurkeztu dituzte, eta euretako bi harrobikoak dira: Iker Rekagorri (Zornotza, 2004) aurrelaria eta Aitor Intxausti (Zornotza, 2002) eskuin-hegaleko jokalaria.
Bi jokalariak aurretik lehen taldearekin arituak dira. Rekagorrik zazpi partidutan parte hartu zuen iaz, eta gol bat sartu zuen; Intxaustik 2020-21 denboraldian debutatu zuen talde nagusiarekin, Amorebieta Bigarren B Mailan zebilenean. Iaz partidu batean parte hartu zuen.
Lau fitxaketa
Bestelakoan, klubak lau fitxaketen berri eman du: Mikel Arzallus aurrelaria (Azkoitia, 1995), Gernika Clubetik; Gonzalo Zorrilla aurrelaria (Bilbo, 2001), Portugaletetik; Asier Hernaiz defentsa (Karrantza, 2006), Danok Bat klubetik, eta Javier Entrecanales zentrala (Santander, 2002) Real Racing Clubetik.