"Kontzertua aitzakia polita da batu eta ospatzeko"

Aritz Maldonado 2025ko eka. 28a, 11:40

Adinarekin eta errutinarekin, adiskideekin batzea gero eta zailagoa da. Hala ere, 40. urtemuga berezia izan da Zornotzako zazpi lagunentzat, bidaia berezia egitea erabaki dute eta. Han daudela, Fermin Muguruzaren kontzertua ikusteko baliatuko dute bidaia. Jon Zabalak ANBOTOren galderei erantzun die.

Nolatan Japoniara?
40 urteko ospakizunaren harira, kuadrillako hainbat lagun dirua gordetzen egon dira bidaia bat egiteko. Hasiera batean, Boiseko Jaialdira joatea zen asmoa, Estatu Batuetara. Iazko Zornotzako jaietan elkartu ginenean, esan nien euskal herritarrak izanda, euskal jai batera joatea baino, hobea izango zela beste norabait joatea, eta Japoniara joatea proposatu nuen. Gustatu zitzaien, eta hurrengo egunean hegaldia hartu genuen. Kasualitatez, handik gutxira Fermin Muguruzak bira iragarri zuen; gu uztailaren 20an iritsiko gara hara, eta kontzertua 23an izango da. Otsailean, irteteagaz batera erosi genituen sarrerak. Tokion eta Fuji Rock jaialdian joko du, eta gu Tokiokora joango gara.

Ikusi duzue Muguruzaren beste kontzerturik?
Bai! Ni Bilboko Miribillakoan egon nintzen, Anoetakoan egon naiz oraintsu, eta Tokion ere ikusiko dut. Lagun taldeko beste bi edo hiru ere oso zaleak gara, bai bakarkako ibilbidearenak baita Kortatu eta Negu Gorriakena ere, eta gure lagun taldeko batek horien azken kontzertua ikusi zuen 2001ean, Donostiako belodromoan; sarrera erakutsi zigun aurrekoan.

Zer espero duzue?
Ferminek hainbat bider jo du han, batez ere, bakarkako ibilbidean, eta baditu bere zaleak han. Zer espero dugun? Japoniar piloa egotea, eta euskaldunen bat ere bai, han bizi dena edo oporretan doana. Hangoek beste pasio bat dute, eta sutsua izango dela uste dut; are gehiago, aretoan dela kontuan hartuta. Japoniatik espero dudana espero dut kontzertutik ere. Ziur zer kontatua izango dugula! Ondo egongo litzateke eurekin (Fermin eta musikariekin) elkartzea ere! Anoetako eta Miribillako kolaboratzaile andana ez da egongo beharbada, baina kontzertu berezia izango da, ziur. 

Gero eta gehiago ikusten dira horrelako bidaiak?
Gu ez gara lehenak. 40 urte badira zer bizitza batean, eta gainera, hasiera batean, momentu ona da, gaztea zara, dirua duzu... Hamabost eguneko bidaia prestatu dugu guk: lehenengo hiru-lau egunak Tokion bertan egingo ditugu. Handik Fujira goaz, Kyotora gero, eta Japoniako Alpeetara, Osakara eta buelta; Japonia erdialdean ibiliko gara. 

40 urteko krisialdiarekin lotuta dago edo edozein momentu da ona horrelakoak egiteko?
Ez dakit pasatu dugun, pasatzen ari garen edo pasatuko dugun. Aitzakia bat da. Azkenean, nagusitzen goazen heinean, kuadrillak banatu egiten dira. Trapagan, Alacanten, Morgan, Zornotzan, eta Durangon bizi gara; banatzen joan gara, eta ez gara lar egoten; beraz, aitzakia polita izango da elkartzeko.  


Zabalaren kuadrilla Muguruzaren Anoetako kontzertuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!