Paula Martinen irudiak iragarriko ditu Zornotzako Karmen jaiak

Aritz Maldonado 2025ko eka. 24a, 14:02

Paula Martinek jaiak iragartzeko egin duen kartelak "gorputz ez normatiboa" duten hainbat herritar jaso ditu, "inor atzean utzi gabe", Karmen jaien izaera inklusiboa azpimarratzeko; uztailaren 15etik 27ra bitartean ospatuko dituzte Karmengo jaiak.

Zornotzan hasiak dira motorrak berotzen Karmengo jaietarako. Aurtengo jaietako irudia Paula Martin zornotzarrak egin du, eta hain zuzen ere, jaien izaera inklusiboa azpimarratu gura izan du kartel iragarleagaz. "Gorputz ez normatiboak dituzten pertsonak eta pertsonaiak agertzen dira irudian, elkarrekin jai giroaz gozatzen agertzen dira, jaiak ere denontzako izan behar dutelako". Eskaera "pozez eta ilusio handiz" jaso zuela nabarmendu du, gainera. Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak ere jaien irudi baikorra zabaltzen duela aipatu du. "Pertsona guztiak Karmengo jaien parte sentitzea nahi dugu". 

Uztailaren 15etik 27ra ospatuko dituzte Zornotzako Karmen jaiak.

Kaskoak, inklusiboago egiteko

Jaiak inklusiboago egiteko, neurri praktikoa ere hartu du Zornotzako Udalak. Horrela, zarata murrizteko 100 kasko banatuko dituzte entzumen-hipersentikortasuna, autismoa edo sentimen-sentsibilitatea duten pertsonen artean. "Ez dugu gura inor jaietako ekintza garrantzitsuetatik kanpo geratzea, eta kasko hauek horretarako baliabide bat dira", azaldu du Sonia Cabeza zinegotziak. "Ez da gura irtenbide puntual bat ematea, zentzumen aniztasunari buruzko kontzientzia sortu gura dugu", gehitu du Salterainek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!