Etxano: nortasunari eustea ardatz

Ekaitz Herrera 2025ko eka. 20a, 09:30

Etxanoko erraldoien ekitaldia. PEDRO SAN ROMAN

Etxanoko Auzo Elkarteak urteak daramatza herrigunea eta inguruak dinamizatzen, "herri-lanean", Pascual Uriarte elkarteko presidenteak dioenez.

"Izan ere, Amorebietak hartu du indarra, eta Etxano apur bat baztertuta geratu da. Gure helburua Etxanoko nortasuna mantentzea da, horixe da gure oinarria, sentimendu horri eustea. Eta helburu horretarako, hirigintzan, auzolanean eta kultur ekitaldien programazioan lan egiten dugu", azaldu du Uriartek. Azken horien artean, "Santa Ageda koplak abestera irteteko ohitura, Etxanoko jaietako ekitaldiak eta txangoak" azpimarratu ditu presidenteak. Hala ere, elkarteak badu urterik urte mimo handiz prestatzen duen jaialdi kultural nagusi bat: Euskal Herriko doinuak da hori. Azaro aldean egiten dute, hainbat egunetan zehar, eta askotariko ekitaldi kulturalak antolatzen dituzte ziklo beraren barruan, izan musika emanaldi, izan berbaldi edo ikastaro. Edizioetako batean sinesmenak eta mitologia hartu zituzten gaitzat; beste batean, dantzak eta trikiti doinuak ere aletu zituzten, orain urte batzuk. Eta, zelan ez, ezin ahaztu etxanotarrek Xabier Amuriza herrikideari 2023an egin zioten omenaldia ere. Aurtengo jaialdia ere prestatzen dabiltzala iragarri du Uriartek.

Makrojaialdiei dagokienez, ez dutela ezelako inbidiarik sentitzen aitortu du elkarteko presidenteak: "Argi dugu hori. Ekitaldi erraldoiak sortzen ibili barik, herria motibatzeko ekialdiak behar ditugu, gauza txikiekin herritarren parte hartzea bultzatzen dituztenak. Izan ere, ekitaldi handiek diru asko behar dute, diruagaz ia dena lortu daiteke eta. Gurea, baina, beste zeozer da, gauza txikiekin herritarren parte hartzea eta komunitate sentimendua butzatzeko lana".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!