Zornotzako EH Bilduk salatu duenez, ez diete eskatutako dokumentazioa helarazi, hau da, euskarazko espedientea eta trafiko fluxuan izango duen eraginaren inguruko ikerketaren txostena. Hori dela eta, osoko bilkuran puntu hori gai ordenetik atera zezatela eskatu zuen EH Bilduk. "Proiektuak herritarren egunerokotasunari bete-betean eragingo dio, hori dela eta, ezin da presaka egin, agerian geratu baita asko direla ekimenak zornotzarrengan sortzen dituen zalantza eta kezka. Benetako parte hartze zabal bat eskatzen du horrelako proiektu batek, denen artean hura hobetze aldera", nabarmendu dute.
Bestalde, "kezka" agertu du EH Bilduk proiektuaren inbertsioaren inguruan. "EAJ buru duen udal gobernuak 1,2 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa agertu du, gure ustez, ordea, badaude bestelako alternatibak herriaren erdigunea mugikortasun jasangarriago baterantz eramateko, horrelako diru xahuketarik egin gabe". Datozen asteetan herritarrei proiektuaren nondik norakoak azaldu eta horien ekarpenak jasotzeko asmoa duela iragarri du EH Bilduk, ostean, udal gobernuari helarazteko.