San Martin errekaren igarobidea zabaltzea eta bertan "aurrefabrikatutako egitura bat" ipintzea erabaki du Zornotzako Udalak

Anboto 2025ko eka. 12a, 16:38

Zornotzako San Migel kaleko hondoratzea konpontzeko lanegaz jarraitzen du Udalak. Azterketa geoteknikoa egin ostean, San Martin errekaren igarobidea zabaltzea eta bertan "aurrefabrikatutako egitura bat" jartzea aurreikusten du udalak. Hain zuzen ere, martxoaren 14ean hondoratu zen San Miguel kalearen zati bat, eta ordutik, zirkulazioa itxita dago autoentzako; oinezkoek segurtasun perimetroa dute.

Udalak aginduta, ikerketa geoteknikoa egin dute kalteen tamaina neurtu, eta bidearen segurtasuna eta egituraren egonkortasuna bermatzeko plan bat diseinatzeko. "San Migel kalearen azpitik igarotzen den San Martin errekaren igarolekua konpontzea planteatzen da irtenbide bezala; horretarako, uraren igarobidea zabalduko da, eta horrez gainera, lanak erraztuko dituen egitura aurrefabrikatu bat jarriko da. Honek uraren drainatua hobetuko du, eta etorkizuneko hondoratzeak eragotziko ditu, egitura berria gogorragoa eta iraunkorragoa delako", azaldu du Zornotzako Udalak ohar baten bidez. 

Udalaren arabera, behin lan teknikoak amaituta, egitura berria jartzeko indusketa lanei ekingo diete; urak behin-behineko desbideratuko dituztela eta hondoratzearen eraginez mugitutako espazioak beteko dituztela azaldu du ohar berean. "Lan horiek modu koordinatuan egingo dira, herritarrei ahalik eta eragozpen txikienak eragiteko, betiere errepidea berriro ere segurtasun eta egonkortasun berme handienekin berriro erabili ahal izateko helburuarekin", gehitu dute. Horrez gainera, zornotzarrei dei egin die udalak segurtasun seinaleak eta perimetroa errespetatzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!