Zornotzako musika bandaren zuzendariak gogotsu heldu dio erronka berriari. "Danborradak bide oparoa egin du urteotan, eta garatzen ari dela esango nuke. Erronka nagusietako bat belaunaldi aldaketa izango da, gazteak danborradara erakartzea lortu gura dugu. Horrez gainera, nortasun propioa ere eman gura diogu danborradari, Donostiakoak edo Azpeitiakoak duten bezala", azaldu du prentsaurrekoan. Aldaketa, onerakoa izango dela azpimarratu du Jou Gonzálezek. "Erabakia penagaz hartu dut, baina erantzukizunagatik egin dut. Musikari profesionala naiz, eta lana eta etxeko ardurak bateragarri egitea eta zailagoa da. Danborradari merezi duena baio konpromiso txikiagoa ez nion eman gura. Pozik noa egindako lanagaz", gehitu du.
Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak bi musikarien konpromisoa azpimarratu du. "Zornotzarrek hitzordu maitatuenetakoa dute danborrada, beraz, udalak egindako ekarpena eskertu nahi du. Jou danborradaren figura izan da, jaietako egitarauaren ezinbesteko parte, eta bere lanak arrastoa utzi du bai parte hartzaileengan, baita ikusleengan ere". Bestalde, aurten danborrada ordu erdi aurreratuko dela esan dute, baiata ere. Horrez gainera, etenik gabe egingo du ibilbidea danborradak, eta Herriko plazara iritsita, bertan errepertorioa osorik eskainiko dute.